Aste hauetan DBHko lehen mailako hainbat nerabe, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak duen prozesuaren barruan, probak egiten ari dira adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleak identifikatzeko.
Etxeko hizkuntza jaiotzatik euskara izan dutenak izango dira asko, Lehen Hezkuntza D ereduan egin dutenak ia denak, eta DBHn ere D ereduan ari direnak. Baina proba egitera deitu, eta proba gazteleraz! Iaz bezalaxe!
Burutik pasatu zaizkidan laudorio eta antzekoak alde batera utzita, proba honek zer-nolako fidagarritasuna eskaintzen du lehen hizkuntza gaztelera ez dutenen kasurako? Izan ere, azterketa lehen hizkuntza ez den beste batean egiteak zailtasun bat gehiago eransten dio probari. Ez ote gara ariko adimen-gaitasun handiko nerabe euskaldunak alde batera uzten? Identifikatzen ez direlako behar duten arreta eskaini gabe?
Orain ere, euskaldunoi gaitasun handiagoa eskatzen zaigu beste batzuen ezgaitasuna ezkutatzeko.
Noizko bihar eta berandu motako itzulpena izango ez den euskarazko proba? Hainbesterako al da hau euskarara ekartzea? Agian, aurrekontuetan atal bat esleitu beharko zaio?