Ondarroako guraso talde baten izenean

Gabonetako F7 txapelketa: Durango Sukia Cup-Cultural

Gaizka Argarate Belategi
2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Halaxe, programazioak zioen bezala, dena erdaraz eta puntutxo bat euskaraz. Minduta eta triste itzuli ginen abenduaren 28an Durangoko Tabira futbol zelaitik. Bizkaiko eta Gipuzkoako 200 ume inguruk torneoaren finalak zituztela eta, hara joan ginen hainbat guraso, aitona-amona eta abar. Sartu besterik ez eta horma irudi handi-handi bat parez pare azkeneko Euskaraldiaren berri ematen.

Bozgorailutik esatari bat hasi zen hizketan eta orduan etorri zen gure haserrea. Esataria euskal hiztuna zen baina euskaraz «eskerrik asko bene-benetan» esatetik ez zen pasatu partidak hasi eta sari banaketak bukatu ziren arte.

Bozgorailutik, gaztelera hutsean, errepika eta errepika zebilen umeei transmititu beharreko «printzipio eta balioak» eta gu aho zabalik, ea euskaldunontzat printzipiorik ez ote zen.

Sari banaketan entzun genituen euskaraz esaldi bakan batzuk osorik, norentzat eta Ondarroako eta Markinako ume eta gurasoontzat, azken mohikanoak ote? Arrasate, Durango, Laudio eta abarretako ume eta gurasoek ez al dute horrenbeste merezi? «Aquí todos ganan» zioen behin eta berriz, baina zoritxarrez egun horretan euskara galtzaile.

Egun batzuk lehenago, euskal kulturaren hiriburu bezala saldu ziguten Durango. Bertako udal agintariek ez al dute inolako egitasmorik herriko elkarteetan horrelakoak gerta ez daitezen?

Udalen euskararen aldeko politiken gabeziek norberaren herrian atzerritar sentiarazten gaituzte, eta euskaraz bizi diren hainbat eta hainbat umeren erreferentziak aldatu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.