Egia ala gezurra izenpean BERRIAko Zuzendariari atalera idatzi nuen, Gabixolaren gose grebaz. Eta erantzun dit... erantzuna dei badakioke bidali didanari. Aipatu ez nituen gauzez aritu da erantzunean gehienbat. Txipiroiaren taktika aspalditik ezaguna da, eta ez diot horri jarraituko.
Baina bere gose grebaren inguruan bi baieztapen egiten ditu:
1.- Diabetesa duelako, medikuaren aginduz «azukre koxkorrak» hartzen zituela lehen astetik aurrera. Hipertentsioa eta diabetesa zituela esana zuen publikoki. Zergatik ez zuen esan pastillak hartzen ari zela eta ze motatakoak ziren? Zergatik aitortzen du lehen aldiz orain publikoki? Zergatik ulertarazi du, han eta hemen, urez egindako gose greba zela? Burura datorkit (eta ez dakit zergatik) minbiziaren karira ederki dopatu eta proba guztiak irabazten zituen txirrindulariaren izena...
2.- Zergatik ez dudan gose greban 100 egunetik gora egindakoen berri ematen esaten dit. Eta GRAPOko Manuel Sevilllanoren 435 egunekoa (Wikipediak 175 esaten du) eta Francisco Brotonsen 440 egunekoa aipatzen ditu. Zergatik ez du aipatzen bata eta bestea, indarrez, baina elikatuak izan zirela?
3.- Turkiako Ebru Timtik abokatuaren 238 eguneko gose greba eta Heli Bolëkten 288koa, bermatu dezake urez eginak zirela? Ez al du hobe sinesgarritasun handiagoa duten edo gutxienez hurbilagokoak diren GRAPOkoak, IRAkoak, ETAkoak, aintzat hartu?
Ez naiz ni izango urez egiten ez den protestaldiei (solidorik hartu gabeko gose greba zela entzun dut nonbait) balioa kentzen diedana. Baina, argi eta garbi, gizarteari esan egin behar zaio zer ezaugarritako protesta den. Ez baita inola ere berdina urez egindakoa, urik gabekoa, sueroarekin egindakoa edota azukrea eta bitaminak dituzten pastillekin egindakoa... Gizarteari zor zaio, eta bereziki era gogorrenean gose greba egin dutenei. Larria baino larriagoa dela iruditzen zait, gainera, «egia» aldarrikatzeko egiten denean, besteak beste gezurrik handiena egia erdia izaten delako.
Bukatzeko, esango dizut (norbait irudikatzen zabiltzalako, oker) ni ez naizelaAitor Liguerzana.
ZUZENDARIARI
Gabixolari erantzunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu