Ramon Etxezarretari elkarrizketa egin dio berriki Urtzi Urkizuk (BERRIA, 2024-6-2). Bertan irakur daiteke zati hau:
—Euskarak izango al du etorkizunik?
—Batere ez, Arabian euskaraz hitz egitean berriatuarrak edo urrestildarrak garela adieraztea Fustiñanako [Nafarroa] ikasleek ulertzea baino inportanteagoa den bitartean.
Bitxia da Fustiñana aipatu izana. Fustiñana ikastetxean ez zegoen euskararik, ez D eredurik, ez A eredurik, 2019. urtea arte. Urte hartan, Geroa Bai gobernuan zela, familiei aukera eman zitzaien A eredua aukeratzeko. Ramon Etxezarretaren alderdiari, PSOEri, ez zitzaion batere gustatu. Carlos Gimeno (egun Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilaria) gidari eta gudari zutela, kexatzen hasi ziren: ez zela egokia ikastetxean A eredua izatea, «ikastetxea G eredukoa zelako [hots, euskararik gabea]», antolakuntzan nahasmenduak izanen zirela...
OK Diario hedabideak kasu egin zien, eta artikulu bat argitaratu zuen, izenburu honekin: Salatu dute Solanak [orduko Hezkuntzako kontseilariak] ingeles orduak kendu dizkiola Erriberako eskola bati, lau ikaslek euskara ikas dezaten (artikulua irakurri nahi duenak, hona jatorrizko izenburua: Denuncian que Solana quite horas de inglés a un cole de la Ribera para que cuatro alumnos aprendan euskera). Azkenean, herrian panfleto anonimoak banatu zituzten, euskara nahi zuten familien izen-abizenekin.
Beraz, euskarak aurrera egin dezan, Fustiñanan eta nonahi, behar da, besteak beste, PSOEk eta gainerako alderdi abertzale espainiarrek bertan behera uztea beren euskarafobia».