Urtez urte amildegi bat sortzen ari da ohiko langileen eta funtzionarioen artean. Orain 40 urte, baldintza onak zituzten, baina soldatak baxuagotxoak ziren, eta, horrela, jende askok enpresak sortu edo dendak zabaltzen zituen... benetako ekintzailetza ikusten zen.
Orain, funtzionario izateko 100.000 lagun aurkezten diren honetan, ekonomia gorantz doalarik autonomoen kopuruak jaisten jarraitzen duen honetan, hitzarmen pila bat estatalizatzen ari den honetan eta, ondorioz, soldatak Andaluziakoen pare jartzen ari diren honetan (hemen bizitzaren kostua handiagoa izanik), bikote gazte bati, bi soldatekin, etxea ordaintzeko heltzen ez zaion honetan, Jaurlaritzak hartutako erabaki hori denon aurka doa. Ezin da funtzionarioak direnen eta ez direnen arteko amildegi hori handitzen jarraitu, eta herria gehiago zatitu.
Eskubide batzuk unibertsalak izan behar dira, kolektibo guztientzat lortzen dira edo ez. 35 orduko astea bezala. Errespetu falta da.
Bada ordua langile guztientzako oinarrizko eskubide batzuk berdin-berdinak izan daitezen lortzeko. Sindikatuak langileen arteko bereizkeria mailarik handienetara eramaten ari dira, adibidez,zerbitzari publikoak izan beharko liratekeen eta zergak ordaintzen dituztenen artean.
Gizonentzako 18 asteko bimen horrek «berdinkeria» ezin hobeto islatzen du, ez «berdintasuna». Umea eduki duena ama da, titia ematen duena ama da. Dirua egonez gero, ama guztientzat hobe baimena 36 astetara luzatzea. Bikotekideak badu laguntzeko mila aukera, eta, funtzionarioa bada, beste langileek baino denbora gehiago dauka.
Funtzionarioentzat hemezortzi asteko aitatasun baimena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu