Munduan antifeministak eta arrazistak diren gorroto diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguru batean bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek eta agenda politikoek txertatzen dituzte eskuin muturreko narratibak, eta arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko testuinguruetara egokitzen diren bi ardatz diskurtsibo nagusi bilakatu dira. Eta, gainera, geroz eta nabarmenagoa den prekaritateak halako diskurtsoak elikatzen ditu. Hemen bertan bizitzen ari gara, Donostian.
Antifeminismoak babesa ematen dio emakumeek gizartean mendeko lekua izan behar dutelako pentsamenduari, indarkeriaren eta desberdinkeriaren kultura iraunaraziz; arrazismoa, bere sotiltasun guztiekin, arraza batzuk besteak baino gehiago direlako ustean, indarkerian, gizarte-bazterkerian eta oinarrizko eskubideen ukazioan oinarritzen da. Zalantzarik gabe, horrelako gorrotoak jasaten dituztenentzat aurkako giroa sortzen duen ingurune bat da.
Hala ere, badira esperientzia positiboak. Mobilizatzeko gaitasuna duten erresistentziak, komunitatea eraikitzen dutenak. Horretaz guztiaz hitz egin nahi dugu Medicus Mundi Gipuzkoak antolatzen dituen Fundamentalismoen Inguruko VII. Topaketetan. Horietan, aurre egin beharreko erronkei heltzen saiatuko gara. Era berean, munduko hainbat lekutan indarkeria mota horiei guztiei aurre egiteko funtzionatzen ari diren esperientziak eta tresnak ezagutu eta partekatuko ditugu. Hori guztia, bidezkoagoa den gizarte berdinzaleago bat lortzeko bidean, borroka kolektibizatzeko helburuarekin. Honenbestez, herritar guztiak gonbidatzen zaituztegu azaroaren 28 eta 29ko goizetan, Donostian, EHUko HEFA I eta Psikologia Fakultateetako Gela Nagusian egingo diren jardunaldi hauetan parte hartzera.
Fundamentalismoen aurka, funtsezkoa jendea delako.