Foro Sozial Iraunkorra bere eginkizuna amaitze aldera doan honetan, eskatu didate nire esperientzia laburki kontatzeko. Laurogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran ekin nion nik ibilbide honi, hastapenean Elkarrirekin, gero Lokarrirekin, eta, geroago, azkenik, Uharanekin, Lokarriren legatua kudeatzeko. Nire adinarekin eta gurpil aulkian ibilita, jada ez nuen asmorik beste talde gehiagotan aritzeko.
Gainera, hasiera batean, Foro Sozial Iraunkorrak, Iruñean, leku helezin batzuetan egiten zituen bilerak, eta, fisikoki ere, ezinezkoa gertatzen zitzaidan joatea. Geroago, ordea, pixkanaka, hasi ziren lortzen toki irisgarriagoak beren bilerak egiteko, eta, halaxe hasi nintzen animatzen ni ere, parte hartzera bilera eta ekitaldi haietan, hurbileko pertsona batzuek bultzatuta.
Geroxeago, COVID-19aren izurria iritsi eta itxialdia dela-eta, hainbat bilera bideo deiaz egin ziren; era hartan, arazo handirik gabe, parte hartu ahal izan genuen bilera haietan. Egoera berriro pixka bat normalizatzen hasi zenean, jadanik, presentzialki jarraitu genuen egiten bilerak, batzarrak eta ekitaldiak.
Nik neronek aitortu behar dut, niretzat oso esperientzia ona eta aberasgarria izan dela. Ideologia eta sinismen ezberdineko pertsonek hartu izan dugu parte, errespetu handiz, istilurik sortu gabe, norberak bere proposamen, iritzi eta ekarpenak eginez, gizalegez eztabaidatuz, eta gehiengoz erabakitzen zena, aurrera eramanez.
Nire iritzirako, Foro Sozial Iraunkorreko zuzendaritza taldekoak ere, oso trebeak eta eskudunak izan dira, eta, neurria handi batean, behinik behin, haiei esker joan dira gauzak aurrera hain ongi.
Orain, behar bezalako bukaera egitea falta da, eta, oraindik lortu ez diren helburuak eta jomugak, beste pertsona, talde edota kolektibo batzuek hartu beharko dute lekukoa, aurrera egiteko. Gizarte honen arazo guztiak ezin dira gauetik goizera konpondu; orain beste pertsona batzuen txanda heldu da. Neroni pozik gelditu naiz.
ZUZENDARIARI
Foro Sozial Iraunkorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu