ZUZENDARIARI
Feminaziak
Orwell nor den galdetu dit bi master dituen mutil batek klasean idazle horren soiltasun argigarria aipatu dudanean. Advanced ikasle ezjakinari nire harridura ezkutatuz, labur azaldu diot eta Orwellen artikuluak idatzizkoan hobetzeko eredu apartak direla errepikatu. Pentsakor geratu naiz, ordea, saminduta, Orwell nor zen ez dakienak hitzen esanahi-hustuketaz eta manipulazioaz hausnartu gabe lortuko duelako Advanced titulua, eta errazago irentsiko dituelako Telecinco, Guantanamo, gerra etengabea, segurtasunarekiko obsesioa, mozal-legeak, errebisionismo historikoa edo neoliberalismoaren ideologiarik eza. Ikasle on horrek XX. mendeko historiaz zer ote dakien galdetu diot neure buruari gero. Zenbat graduatuk jakingo ote du nazismoak feminismoari ere jazarri ziola? Agian, askok feminismoa zer den ere ez dute ondo jakingo, eta inoiz ez dira ohartuko korronte feminista batzuek planetaren eta bertako zapaldu guztion egoerak salatzen dituztela eta gure oinarrizko beharrei bete-betean erantzuten dietela, eta batzuek, ezjakinagatik edo interesagatik, abantailadun arrak izaten jarraitzea hautatuko dute eta, Hanna Lantto hizkuntzalariak lehengoan BERRIAn esan bezala, berdintasuna zapalkuntza irudituko zaie, eta feminazi deituko diete pribilegioak ukitzen dizkieten zapalduei. 1984ko amesgaiztoan bezalatsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu