Frantzisko aita santuaren hitzak dira: «Gaur fedearen eskandalua behar dugu. Ez da ez bere baitan itxitako fedea, ez, lurrean gertatzen denaz kezkatu gabe zerura begiratzen duena. Ez da, ez, tenpluan liturgia ospatzen duena gure kaleetan dabilen hautsez ahaztuz. Fedearen eskandalua behar dugu, bai, gizaki egin zen Jainkoarengan errotutako fedea, giza fedea, haragizko fedea, historian sartzen dena, jendearen bizitza laztantzen duena, bihotz hautsiak sendatzen dituena, itxaropen legamia eta mundu berri baten hazi bihurtzen dena. Kontzientziak beren letargiatik esnatzen dituen fedea. Gizartearen zaurietan atzamarra jartzen duena, maiz anestesiatutako gizartearen haragian iltzatutako arantza bilakatzen den bihotzeko nagitasuna gainditzen laguntzen duen Fedea. Eta ez kontsumismoak txunditzen duena. Gizakiaren berekoikeriaren kalkuluak uxatzen dituen Fedea. Gaizkia salatzen duena, injustizia seinalatzen duena, boterearen itzalean ahulen larruarekin jolasten direnen konplotak nahasten dituena».
Horregatik nik neuk umiltasunez, uste dut neure burua islatzen dudala, neure kontraesan guztiekin, Luther King, Oscar Romero, Casaldiga, Ellakuria, Setien, Uriarte, Fernando, Leonardo Boff, Ernesto Cardenal eta Küng eliza konprometituan. Baita Aitzol eta Martin Lekuona ere, eta euskal apaiz abertzale guztiak, 1936ko kolpistek fusilatu zituztenak. Jesus dut erreferente, fedea eta justizia, ebanjelioa eta askapena, erlijioa eta emantzipazioa batu zituen Jesus hura. Jerusalem eta Nazareteko Jesus hura. Bere garaian politikoki ezarritako eskandalizatzeagatik gurutziltzatutakoa. Aurre egin ziena judu hipokrita eta kolaboratzaileei. Mundu hobe baten alde egin zuena, emakumeen berdintasunaren eta elkartasunaren alde, justiziaren, askatasunaren, alaitasunaren, berdintasunaren, senidetasunaren, baikortasunaren eta bizitza betearen alde egin zuen Jesus dut erreferente. Pobre, zapaldu eta baztertuei begietara so egin ziena. Bedi.