Irakaslea

Familia, herriaren mintegia

Ioritz Gonzalez
2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Jose Mujica Uruguaiko lehendakari ohiak esana honako esaldi hau: «Bizitzeko askatasuna behar da, eta aske izateko denbora behar da». Hainbeste aintzatesten dugun denbora; hainbatetan denbora libre izenez aipatzen duguna. Baina, pentsatzen hasiz gero, gure denbora librean benetan aske gara? Tarte horiei ezarri dizkiegun izenaren jabe dira?

Jakina da egun guraso askok seme-alabekin pasatu nahi dugun denbora lehenesten dugula: egunerokoan ordutegia moldatzen ahalegintzen gara, eskolaz kanpokoetara laguntzen saiatzen gara, ahal izanez gero eskolara joaten laguntzen diegu eta irteten direnean bertan egotea nahi izaten dugu… Itxuraz, orokorrean ume eta gazteak gurasoekin denbora gehiago egoten direla esango nuke. Esan gabe doa heziketan seme-alabekin ematen dugun denbora funtsezkoa dela; ezinbestekoa dela umeekin egunerokotasuna bizitzea eta eredu izatea, haien bizia egoki zurkaiztu nahi izanez gero. Nik uste argi dugula gure seme-alabei eskaintzen diegun denbora ezinbestekoa dela. Nire aburuz, aurrerapauso bat egin dugula esango nuke azken hamarkadetan. Hala ere, besterik da eskaintzen diegun denbora horren kalitatea. Bizi-maila hobetu da, ziur aski, baina ez, haatik, bizi-kalitatea. Egun, badirudi eguneroko jarduera guztiak korrika eta presaka egin beharra dagoela, zenbat eta jarduera gehiago egin hobe dela. Abiadura bizian bizi gara. Esango nuke umeak beraiek ere hala bizi direla goizean goiz jaikitzen direnetik ohera joan arte; jasotzen duten eredua ez dela orain urte batzuk baino askoz hobea. 

Aipaturikoa gutxi ez, eta egungo teknologia berriekiko atxikimendua gehitu behar zaio.

Duela aste batzuk, lagun batek kontatu zidan etxetik telebista kentzea erabaki zuela, alabekin pasatzen zuen denbora benetan baliatzeko asmoz. Erabakia hartu eta aste batzuen ondoren, erabakia ezin hobea izan zela esan zidan, umeak behin ohiturik, elkarrekin pasatzen zuten denbora askoz hobeto aprobetxatzen zutela. Horrek zer hausnartua eman zidan: dugun denboratik, zenbat eskaintzen diegu hainbeste gustatzen zaizkigun aparatu eta gailuei? Zenbat haurrei? Ez ote digute ditxosozko gailuek kalitatezko denbora kentzen? Geure seme-alabekin egoteko dugun denbora hori ez ote zaigu murrizten, konturatu ere egin gabe? 

Gogora datorkit, bestalde, nire aitona-amonen etxera bazkaltzera joan ohi nintzenean, nola esertzen nintzen haien alboan, telebistarik gabe, mugikorrik gabe, elkarrekin hitz egite soilak eskaintzen zizkidan uneez. Gogora datorkit otorduaz konpainia hobe ezin hartan nola gozatzen nuen, aitona-amonaren istorio, pasadizo eta aholkuei adi. Haiek, itxuraz, aitonak bederen, denbora gutxiago zuten familiartekoekin egoteko, baina eskaintzen ziguten denbora benetakoa zen, geuri eta soilik geuri eskainia, presarik gabe, elkarrekin hitz egiteko gogoz. 

Asko aldatu da bizimodua azken hamarkadetan. Asko aldatu da aisialdia, eta etxeko ohiturak. Askotan pentsatu ohi dut haurrei transmititzen diegun betebehar kopurua eta egunerokotasunean bizi dugun abiadura eredu onenak ote diren. Jakina da haurrek zer ikusi hura ikasten dutela. Txikitatik presaka bizitzen ikusten gaituzte; txikitatik presaka bizi dira. Hori gutxi ez, eta dugun denbora apurraren zati bat gailuei so egoten gara, geure denbora baliatuz, inguruan ditugunei eskain diezazkiekegun une itzulezinak xahutuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.