ZUZENDARIARI

Ezkertiar eta abertzale irabazi arte!

Urruña
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Honela dio Ken Zazpiren kanta batek: «Agian hasieran bertan ekibokatu ginen mundura euskaldun sortzean eta gero, gero ez genuen iraultzaren borrokatik apartatzen, apartatzen jakin». Beste euskal herritar askori bezala hori gertatu zitzaidan niri ere. Jaio eta hiru hilabetera bi senide bahitu, torturatu eta kartzelatu zituzten. Urteetan Valdemoro, Valentzia, Dueñasko kartzeletako bidea hartu dut besteak beste.

Horrelako bizipenek zer pentsatu ematen dizute, eta, autoan pasatutako orduek, gogoetarako denbora. Zergatik ditut senideak kartzelan? Zer egin dute gaizki? Zergatik daude hain urrun? Kartzelara iritsi eta besarkada bakoitzak sentiarazten zidan ez zirela gaizkileak. Eta bueltako bidean, hurrengo bisita noiz iritsiko irrikan.

Horrela ulertzen joan nintzen herri zahar honek aspaldidanik bizi zuen zapalkuntza nazionala, eta milaka pertsona eskuzabalek Euskal Herriaren aldeko konpromiso osoa hartu, hartzen eta hartuko zutela.

Naturalki eta maitasunez nire aportazioa egiteko asmoz, gazte mugimenduan inplikatu nintzen buru-belarri. Familia berri bat deskubritu nuen, nirekin batera, ni bezala herri hau maite eta honen alde borrokatzeko prest zegoen familia alegia.

15 urte nituela nire azken senidea kartzelatik atera zen, baina ez zen borrokaren amaiera izan. Nire borroka ez zen presoak askatzera ere mugatzen. Nire herriaren independentzia bainuen helburu.

Urte gogorrak —baina oso politak— izan ziren. Gure gaztetasunetik aske eta errebelde ginela aldarrikatzen genuen, gure izarra independentzia zela kantatzen genuen, eta borrokan eta antolakuntzan jarduten genuela oihukatzen, Urruña beste kolore batez marraztuz. Ezin ahantzi urte horietan nire alboan izan nituenak. Poza, kezka, harrotasuna, beldurra, emozio guztiak partekatu genituen lotura sendoak eraikiz. Berriki, garaiko kide bat gurutzatu dut, eta hitz gutxi batzuk nahikoa izan dira hainbeste bizipen gogora ekartzeko.

Borroka hau joan ahala honi lotutako beste errealitate bat ikusten joan nintzen: nire herri askea ez nuela espainiar edo frantziar estatuak bezalakoa izatea nahi. Aberastasun ekonomikoak gutxi batzuen esku zeuden, eta egunez egun gehiago aberasten ziren langileen esplotazioaren bidez, kalean jendeak bizitza duin bat eskuratzeko gorriak ikusten zituen bitartean. Horrela, nire nazio askapen borrokari proiektu politiko askatzailea txertatu nion, batak bestea ordezkatu gabe.

Oraindik independentziaren eta sozialismoaren alde borrokan dihardut, ilusio berarekin, baina inoiz ahantzi gabe nondik natorren, nora noan. Iraultzaren borrokatik apartatzen jakin baino, ez baitut apartatu nahi izan. Eta malko artean idazten ditut lerro hauek, maitasunez oroitzen ditut besarkada goxo haiek, eta irri lotsatu batez gogora ekartzen ditut nire haur ikuskeraz osabari barroteak nola moztu eta ihes egiteko ematen nizkion aholku horiek. Izan zinetelako naiz, naizelako izanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.