Badirudi Ezker Abertzalearen bloke monolitikoan ere pitzadurak sortzen hasi direla, sektore horren inguruko hedabideek kalapita horren nondik norakoak isilarazi nahi izan badituzte ere. Egia esanda, ez zaie, ez, arrazoirik falta haserre egoteko Ezkerretik Bilduz-koei; izan ere, baztertuak sentitu dira, eta zilegitasun osoz eskatzen dute euren erakunde publikoetako kargu-kuota.
Politikoki, ulertzekoa da Ezker Abertzaleak saritu nahi izana EA eta Alternatibakoak Bilduri hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko eskaini zioten pantaila demokratikoagatik, eta argi geratu da azken hauteskundeetako emaitzen ondorioz gazta-tartaren banaketa bi partidu horien mesedetan izan dela, eta Ezkerretik Bilduzkoen kaltetan. Bi partidu horien artean nekez lortuko zuketen boto sorta bat.
Nolanahi ere, litekeena da konstituzionalari esker Sortu legeztatzea, eta horrela gertatzen bada, ez dut uste Ezker Abertzale Tradizionalak aurrerantzean beste «pantaila demokratikorik» beharko duenik, eta ondorioz EA eta Alternatibakoen gazta-tartaren pusketa hagitz txikiagoa izango denez, Ezkerretik Bilduzkoek aldarrikatu ahal izango dute egun duten baino erakunde publikoetako kargu-kuota zabalago bat. Ez dakit zergatik burura datorkidan Joseba Sarrionandiak behin idatzitakoa: «Ezkerreko jendearentzat politika eginkizun desinteresatu eta zintzoa izan behar da». Krisialdi latz honen zurrunbiloaren erdian zenbat eta zenbat ez ote dira politikan bilatzen ari beren aterpea?
Zuzendariari
Ezker Abertzaleaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu