ZUZENDARIARI

Ezin euskaraz bakean bizi. Euskarafobia?

2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gertaeren kontakizuna: Tolosa-Erdiko tren geltokian, otsailaren 11n, 22:25eko trena Brinkolarantz hartzeko unean. Hiru pertsona gara. Bertan dagoen segurtasuneko agenteari, Prosegurrekoa, «Gabon» esan diot sarreran.

Txartela baliozkotzeko ateetako bat ez da irekitzen, eta agenteari esan diot, era onean, «ate hau ez dabil ondo».

Andenean sartu ondoren zigarro bat piztu dut. Jende gehiago ere erretzen ari da, baina agentea soilik niregana etorri da zuzen-zuzenean, eta itzaltzeko eskatu dit, era ez-atseginean. Eskatu didana berehala egin dut.

Nirekiko egin duen bereizketa euskaraz hitz egiteagatik izan dela ohartzen naiz, eta hori esan diot berari euskaraz. Agenteak ingelesez, frantsesez edo katalanez hitzegingo didala esan dit. Nahi duen bezala hitz egiteko esan diot, baina nik euskaraz jarraituko dudala. Horrekin ere, nire susmoa handitzen doa: ez du euskaraz hitzegiteko dudan eskubidea onartzen. Agenteak nire identifikazioa eskatu dit, eta nik ezetz esan diot, eta berea emateko niri. Rifi-rafe horretan, «abuela» deitu dit iraingarritzat, abuela izatea iraina balitz bezala. Zer-nolako indibiduoa da abuela errespetatzen ez duena? Zer printzipio eta balio etiko ditu gizaki horrek? Bai, amona naizela eta harro gainera, erantzun diot.

Nik ez dut bera inongo momentuan iraindu.

Jarraian, trenera ez naizela igoko mehatxu egin dit. Andenean dagoen jendeak hori zertara datorren galdegin dio. Baina berak kasurik ez. Mehatxatzen jarraitu nau. Eta hori gauza zedin nire atzetik ibili da eten gabe, akoso moduan.

Ertzainei deituko diela esaten dit, eta nik dei diezaiela eskatu diot. Ertzainekin telefonoz hitz egin duenean, «se ha resistido a apagar el cigarro» esan die. Gezurra galanta, eta hori esan diot segurtasuneko agenteari.

Ertzainak etorri dira. Gertatutakoa kontatu diet, agentearen gezurra, «intsultoa» eta jarrera. Ertzainek dokumentazioa eskatu didate modu onean. Eman diet, eta bitarte horretan trena etorri eta ezin izan dut hartu. Andenean zegoen jendeak «trenera!» oihukatu du, eta agentea haiengana atera da korrika. Ertzainek ongi ikusi dute agentearen jarrera agresibo eta autoritarioa, lekuz kanpokoa, eta egoeraren inozokeria. Ertzainek berek esan didate agentearen identifikazio-plakaren zenbakia jakiteko eskubidea dudala. Azkenean Prosegurreko agenteak, ez dakit bere egoeraren larritasunaz jabetuta-edo, bere identifikazio-plakaren zenbakia eman dit: 281374, egiazkoa eman badit.

Hurrengo egunean kexa sartu dut Renfek horretarako duen orrialdean, zeren horrelakoak ez baditugu behar diren tokian idatzita uzten, ez dugu ezer aldatuko ziur. Kexak tabernan edota etxean, ez dira nahikoa.

Gertatzen diren hainbat eta hainbat gertaera larri jakinda, adierazi nahi dut ikusten dudala segurtasun agenteen beharra zenbait tokitan. Baina gizarteari zerbitzu bat eskaintzen dion edozein enpresari, nahiz publiko, nahiz pribaturi, Renfe eta Prosegur barne, eskatzen diet segurtasun agente edota langileen aukeraketa behar den bezalakoa izan dadila, errespetuz tratatuko gaituztenak eta bidaiarion hizkuntz eskubideak beteko dituztenak, elkarbizitza sano baterako oztopo izan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.