Sustrai Erakuntza fundazioko kideak

Ez galgorik, ez podenkorik

Pablo Lorente Zapateria eta Jule Goñi Montero
2024ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun

Aste batzuk daramatzagu AHTaren «udako sugearekin» eta Iruñetik «Euskal Y» deiturikora Ezkiotik edo Gasteizetik lotzearekin.

Etsigarria da ikustea gure herriak, proiektu hau defendatzen jarraitzen duten galgo eta podenkoengatik, erabaki interesatuen eta argumentatu gabeen mende jarraitzen duela. Erabaki hauek baliabide publikoak xahutzen dituzte, ekozidak dira eta lurraldeak suntsitzen dituzte. Gainera, Espainiako Erresumako beste lurralde batzuetan AHTa inposatu zenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro ondoren, izaera publikoko eta sozialeko trenbide zerbitzuak egoera penagarrian daude autonomia erkidego guztietan.

Nafarroak, bertako biztanleek eta enpresek, ez dute AHTrik behar pertsonak eta salgaiak trenbidez kalitate ezin hobearekin garraiatzeko. Sustrai Erakuntza Fundaziotik horixe frogatu genuen argitaratutako txosten bietan orain dela urte batzuk.

AHTrako diru sailak dituzten aurrekontuak babesten dituzten alderdiak egoteak eta erakunde autonomikoek eta estatu zein erkidego mailako erakundeetatik proiektu honen kontrako jarrera ez erakusteak argi eta garbi uzten du AHTaren aurka dauden herri mugimenduaren eta udalen esku baino ez dagoela obrak gelditzeko, eta dagoeneko eginda daudenak iraultzeko, borroka zintzo eta eraginkorra.

Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten alderdi guztiek onartu dute ez dela Iruñea eta Ezkio arteko lotura eraikiko Aralar zeharkatuz. Ministerio arduradunak hauxe bera argi dauka Mariano Rajoyren azken gobernutik: «galgoek» galdu egin dute. Orain, «podenkoek» AHTa Iruñea eta Gasteiz artean ez dela eraiki behar onartzea behar dute.

Bi ibilbide horiek ordezkatzen duten trenbide eredua berbera da. Kontua da AHTak eragiten duen xahutze ekonomikoa, ustelkeria, lurraldearen eta biodibertsitatearen txikizioa onartzea, eta onartzea ez bakarrik oker jokatu dutela horren alde apustu egin duten alderdiek, sindikatuek, propaganda bideek eta abarrek, baizik eta, honela enpresa eraikitzaileen, ingeniarien, bankuen eta politikari ustelen onura pribatuei lagundu dietela.

Ez da geltoki berririk behar ez Tuteran, ez Iruñean. Orain arte eraikitakoa Nafarroan AHTaren obrak hasi aurretik zegoen egoerara itzuli behar da.

Sustraitik defendatzen dugun alternatiba Tren Publiko eta Soziala da, eta beste kolektibo batzuek ere horren alde egiten dute. Dauden trazadurak aprobetxatuz, geltokiak eta geralekuak berriro irekiz, tren egokiak martxan jarriz eta jabetza eta kudeaketa publikotik baliabideak, materiala eta langileak berreskuratzeko inbertituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.