Aurten eskola publikoko hiru urteko gelan hasi den haur baten ama naiz. Haur eskolan bi ikasturte egon ondoren, jaiotza urteagatik horrela zegokigulako, eskola handira joan behar izan genuen. Urte bukaerakoa izateaz gain, nahiko azterketa izan ditu dagoeneko, adin biologikoa bat delako eta bestelakoa bere heldutasuna. Oso goiz ezagutu genituen ia espezialista guztien kontsultak; neurologia, otorrinoa, oftalmologia, arreta goiztiarreko azterketak... Proba batzuk gaindituta, ongi gaude, egunero aurrerapausoak emanez, nahiz eta abiadura azkarreko sistemak ezarritako helburu guztiak ez ditugun oraindik lortu. Gu abiadura moteleko bidetik goaz aurrera, poliki-poliki, baina ziurtasunez.
Haur eskolan izan zuen erreferenteak askotan esaten zigun: «Lasai, motelago baina aurrera doa»; «Garapen moteleko haurra da, eta gainera ikusmen zailtasunak ditu»; «Iritsiko da, baina beranduago». Bitartean, egiten zizkioten azterketa eta proba estigmatizatu horiek ez dakit berak, batzuetan uste dut baietz, baina nik bai sufritu nituela. «Hiru kuboko dorreak altxatzen ditu, baina oraindik ez bostekoak?»; «Oraindik ez da ibiltzen?»; «Oraindik ez du hitz egiten?»; «Oraindik ez da sukaldariarenera jolasten?». Oraindik, oraindik...
Beste urte batez haur eskolan geratu nahi izan genuen, baina ezinezkoa zen. Agian horrek hurrengo etapara ziurrago iristen lagunduko zigun. Gure auzoko eskolak oso hezkuntza proiektu interesgarria du, eta irakasle ezin hobeak, baina han dena handia da, ume kopurua, jantokia, patioa, pasabideak... Ikara handia ematen zigun aldaketak, baina hara joan ginen. Sekulako aldaketa da umeentzat, zer esanik ez motelago doazenentzat, materialak, errutinak, guneak, dena aldatzen da.
Datorren ikasturtean eskoletan bi urteko gelak irekiko dituztela entzuten nabil azken egunetan, eta zera galdetzen diot neure buruari, zeini bururatuko zitzaion horrelako astakeria? Ez al zen hobe izango 0-3 zikloa hobetzea? Baliabide zein hezitzaileez hornituz profesionalak eta guneak aurreztu beharrean? Usain txarra hartzen diot, ez egin horrelako txapuzarik.
Ume bat bere familiatik bereizten denean, izan dezakeen arreta hoberena haur eskoletako profesionalak dira. Zer esanik ez haur eskoletako espazio eta materialez, dena beren garapen motorrerako pentsatua dago. Entzun langile horien aldarrikapenak, eta, behingoagatik, jarri umetxo horien lekuan, etorkizuna dira eta. Utzi gauzak dauden moduan eta ez behartu abiadura handikoa eta exijenteegia den hezkuntza sistematik korrika joatera, utzi umeak ume izaten eta ez behartu aldez aurretik handitzera.
Horregatik guztiagatik eta beste arrazoi askorengatik, bi urteko gelak bai, baina haur eskoletan.