Administrazioan Euskaraz Taldea

Ez dute lanpostu elebidunik nahi?

2025eko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 28 lanpostu ditu: gizarte langileak, gizarte hezitzaileak, familia-langileak, hezitzaile espezializatuak, administrari laguntzaileak, psikologo bat eta idazkaria. 2024ko plantilla organikoan ez zegoen profil elebidun (euskara / gaztelania) bakar bat ere. Plantilla Organikoa baliogabetzea eskatu zuten bi auzokidek, horrexegatik.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du eskaera onartu: nonbait, ez da frogatu jendea artatzeko lanpostuak direnik.

Nolatan ez dute jendea artatuko, ba, gizarte langileek, gizarte hezitzaileek, familia langileek, psikologoak...? Adar jotzea da Nafarroako Administrazio Auzitegiaren interpretazioa. Ebazpen hori, besterik gabe, absurdoa da, erabat zentzugabea.

Eta zer erran behar dugu Mankomunitateko agintariez? Mankomunitateko hiru herri handienek, Antsoainek, Berriozarrek eta Berriobeitik, EH Bilduko alkatea dute, eta Mankomunitateko burua Antsoaingo EH Bilduko zinegotzi bat da. Hala ere, era guzietako jurisprudentzia, epaiak, arauak… aipatu ditu, plantilla organikoan profil elebidunik jarri behar ez izateko. Merezimendu gisa baloratzen dute euskara, eta horrekin aski omen da. Oraingoan ez da epailerik behar izan: Mankomunitatea eta Nafarroako Administrazio Auzitegiko bokalak aski izan dira profil elebidunen kontra egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.