2025eko otsailaren 2an, BERRIA egunkarian, Inge Mendioroz zinemagileari egindako elkarrizketan dio: Lurdes Iriondo Ez Dok Amairuko emakume bakarra izan zen.
Ez Dok Amairuren ibilbidea 1966an hasi zen, urte berean sortu zen Oskarbi Taldea. 1968an, Oskarbi Taldea Ez Dok Amairuko kantaldietan partaide bat gehiago izan zen. Partaidetza/kidetza hori lau urtean mantendu zen (1968-1972). Urte horietan, gutxienez, 60 bat kantalditan aritu zen Oskarbi Ez Dok Amairuko emanaldietan, Ikuskaria eta Sentikaria barne.
Lau urte haietan Oskarbiko Itziar Maritxalar, Maite Aizkorreta eta Mari Jose Fernandez Ez Dok Amairuko kide ziren. Ez Dok Amairuko kantaldietan Oskarbirekin kantatzen zuten eta askotan beste kantari-bakarlarien ahotsak ere egiten zituzten eta genituen. Beraz, Ez Dok Amairun lau emakume izan ziren oholtzan, Lurdes eta Oskarbiko hirurak. Denbora gutxian bada ere, Urrikatzeko bi emakumeak ere aritu ziren Ez Dok Amairuko emanaldietan. Gainera, Nekane Oiarbide ere Ez Dok Amairuko kide zen, nahiz bere lana ez oholtzan izan.
Esan daiteke, Lurdes Iriondo Ez Dok Amairuko kantari-bakarlari bakarra izan zela, baina ez kantari bakarra.
60ko hamarkadaren Euskal Pizkundearen kantagintzan, Lurdes izan zen lehen emakumea. Ondoren, Oskarbiko hiru emakumeak eta garai bertsuan Idoia Garmendia. Geroxeago, Estitxu eta Maite Idirin.