ZUZENDARIARI

Ez dira txikikeriak, mister

Idazlea.
2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
GKS, Gazte Koordinakunde Sozialista. EH Bildu, hauteskunde plataforma. Ez dira gauza bera, noski, argi ager beren sigletan. Izan ere, berez gauza txit desberdinak dituzu: bata hauteskundeetarako sortua; bestea (GKS) Gaztediaren Ezkerreko Alternatiba.

Hortaz, ezker aldean krisia? Ez da zertan, azaltzen saiatuko naizenez. Halere, ez da txikikeria bat, norbaitek esan bezala, baizik eta bi ikuspuntu desberdintsu sakon-sakonean. Eta hori ez da gertatzen lehen aldiz, baizik eta «ziklikoa» da, beste norbaitek esan bezala.

Ni bosgarren pisuan bizi naiz («vivo en el quinto piso», gazteleraz idatzi behar-eta) abisatu zigun batek Zamorako kartzelara, klabean. «Bada, ni seigarren pisuan», pentsatu nuen. Dena den, handik irten arte, beste zeregin batzuk genituen; lehenik eta behin, preso ororen lehen obligazioa: ihes egiten saiatzea.

Hala joan ziren gauzak, bai barruan, baita kanpoan ere. Eta ez zen gertatu tragedia konponezinik, soinekoak urratzeko modukorik behintzat. Naziotasuna da bizkarrezurra, diote orain ere batzuek; sozialismoa (komunismoa) da premia-premiazko, azpimarratzen beste batzuek. Bilduzale gehienentzat, naziotasuna da ardatz; GKS-rentzat, barriz, oraintxe da une egokiena sozialismoa eraikitzen hasteko, jarduera eta ekintza konkretuen bidez.

Bi ikuspegi, bai. Bi planteamendu eta ibilbide. Baina zer? Hain larria ote? «Alarma egoera» aldarrikatzeko modukoa? Soinekoak urratzeko modukoa? Ez dut uste. Naziotasuna azpimarratzen dutenei «txobinista» deitu behar al zaie?; eta sozialismoa azpimarratzen dutenei «likidazionista»?

Euskal Herrian tamalgarri izan ziren «Bandarizoak», Banderizoen borrokak. Den-denak euskaldunak izan eta bata bestearen gazteluak suntsitzen. Hura bai jarrera tamalgarria. Baina harako hark iraun egiten duela dirudi egun ere, zoritxarrez, zorigaitzez. Halere, inor ez dago soberan iraultzarako orduan, bidegurutze hüntago garaian. Egin beza bakoitzak berak hoberen dakiena, eta ez jarri elkarri trabarik, are gutxiago zangotrabarik.

Aski traba jartzen digu-eta etsaiak. Eta batik bat, ez ahaztu etsaia zein den. Ez desarratu eta tiroa erratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.