Ez dakit zergatik hasi diren atez atekoaren aurkako plataformakoak orain esaten galdeketa bat egingo dutela herrian, gaiarekin bueltaka hilabete batzuk ibili ondoren, aukera hori behin baino gehiagotan aipatu ondoren, azken udalbatzarrean egiteko aukera izan ondoren eta sistema berria ezartzeko denbora gutxi gelditzen denean.
Ez dakit beraien helburua herriaren nahia jakitea den edo beraiek proposatzen dutena ezartzea den.
Horregatik, ez dakit galdetu nahi duten zaborraren arazoa herritar guztion ardura edo udalarena bakarrik den; birziklatu behar den edo ez; birziklatzeak borondatezkoa edo derrigorrezkoa izan behar duen; birziklatzen ez dutenekin neurriren bat hartu behar den edo ez, eta abar, eta abar.
Izan ere, ez dakit, erabiltzen duten kontsigna kontuan hartuta, haien proposamena bosgarren. Edukiontziaren aldekoa den (ezarriko den sistema mistoan edukiontzi hori mantentzen da-eta) edo atez atekoaren aurkakoa den (hori ez baita Azkoitian udalak ezarriko duena).
Ez dakit zer dela-eta orain jartzen diren zalantzan Mankomunitateak eta Serbitzuk azaltzen dituzten datuak, ez baitira oraingo udalak sortutako entitateak, eta orain arte azaldu dituzten datu tekniko eta ekonomikoak ez baitira sekula zalantzan jarri.
Ez dakit zergatik aipatzen den hainbestetan orain inposaketa hitza: herritarrek lehenengo aldiz izan dute sistema ezberdinen datu tekniko eta ekonomikoak aztertzeko eta haien arabera sistema egokiena proposatzeko aukera.
Ez dakit zein herritarrek hartu zuten parte orain arteko edukiontzien sistema erabakitzerakoan, bilketa egiteko erabiltzen diren kamioiak aldatzerakoan, Oñartxoko zabortegia jartzerakoan (orduan ere egon ziren herritarren protestak), Urolako trena kentzerakoan, eta abar, eta abar.
Ez dakit zergatik izan behar duen zikina zintzilikarioen sistema berriak, denok behar bezala jokatzen badugu.
Ez dakit nolatan sistema berria zikina eta itxuragabea dela esaten dutenek zabor-poltsak jartzen dituzten beraien balkoietan horren aurka azaltzeko, hori askoz zikinagoa eta itxuragabeagoa baita herriaren irudiarentzat.
ZUZENDARIARI
Ez dakit
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu