Joan den igandeko hauteskundeen ondoren ez diot oraindik inori entzun eskatzen EAJ eta EH Bilduren arteko akordio orokorra herri hau gobernatzeko, herri hau eraikitzeko bidean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ eta EH Bildu izan dira alde handiz bi indar bozkatuenak.
Araban EAJk 15 eserleku, EH Bilduk 14. Guztira 29, 51tik (%56,9). PSE+PP+Voxek 19 (%37,3); Elkarrekin-ek, 3.
Bizkaian EAJk 23 eserleku, EH Bilduk 15. Guztira 38, 51tik (%74,5). PSE+PPk 11 (%21,6); Elkarrekin-ek, 2.
Gipuzkoan EH Bilduk 22 eserleku, EAJk 17. Guztira 39, 51tik (%76,5). PSE+PPk 10 (%19,6); Elkarrekin-ek, 2.
Gasteizen EH Bilduk 7 zinegotzi, EAJk 6. Guztira 13, 27tik (%48,1). PSE+PPk 12 (%44,4); Elkarrekin-ek, 2.
Bilbon EAJk 12 zinegotzi, EH Bilduk 6. Guztira 18, 29tik (%62,1). PSE+PPk 9 (%31,0); Elkarrekin-ek. 2.
Donostian EAJk 9 zinegotzi, EH Bilduk 8. Guztira 17, 27tik (%63,0). PSE+PPk 8 (%29,6); Elkarrekin-ek, 2.
Beldur eszenikoa ez, paniko eszenikoa diote gure bi indar abertzaleek elkarrekin gobernatzeari gehiengo osoan denean.
Garbi dago elkarrekin gobernatuta ere ezingo ditugula oraingoz gauzatu gure proiektu nazional maximalistak, gure etsai Espainiak (eta Frantziak) indartsuegi dirudite. Noski, ezingo ditugu gure helburu sozialak %100ean gauzatu. Ez dira berdinak EAJren eta EH Bilduren ereduak. Baina ez al dugu Maltzagarainoko bidea hobeto ebakiko elkarrekin, elkarren kontra baino? Ez al dugu hobeto lagunduko herri hau Maltzagarainoko bidean elkarrekin eraikitzen, PSE Espainia zale eta euskaldunon aurkakoarekin baino? Gauza gara halako aukerak garatzeko Nafarroa Garaian edo Iparraldean (eskerrak jainkoei!), amore emanez behar denean, eta elkarren indarrak baliatuz aurrera bideetan, beti jakinik gainera besteentzat ere gobernatu behar dela-kasuan Espainia zaleentzat ere-. Gai gara akordioak gauzatzeko ere PSOE eta besterekin bakoitza bere aldetik. EAEn, gure artean, ez. Gerra gure artean! Etsai okerragorik ez EAJrentzat, EH Bildu baino. Etsai okerragorik ez EH Bildurentzat, EAJ baino. Madrilen (eta Parisen) orduan eta pozago. Elkarrekin ados jartzen bagara, errazegi ezagutuko dira gure ahuleziak? Ikasiko ahal dugu inoiz! Elkarlana, mesedez, euskaldunon alde, Euskal Herriaren alde!
Ez al gaude ba oraindik Maltzagako bidean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu