Jose Manuel Mancisidor nauzue, eta abuztuaren 11n Lugarizko tren-geltokian gertatu zitzaidana salatzeko idatzi ditut lerro hauek.
Matia Fundazioaren Care Iza egoitzan bizi naiz. Gurpil-aulki elektrikoan ibiltzen naiz, eta maiz askotan erabiltzen dut Euskotrenen tren-zerbitzua.
Abuztuaren 11n, igandea, 10:53ko trena hartzera joan nintzen Lugarizko geltokira. Geltokiko nasan nintzen 10:40rako. Trena iritsi zenean, atea ireki zen ohi bezala, baina trenean sartzeko plataforma atera zedin botoia sakatzen ari nintzela, trena abiatu egin zen, martxan hasi. Ez zidan trenetik alde egiteko denborarik eman, eta arrisku bizian jarri zuten nire bizitza. Trenak behin eta berriro kolpekatu zuen aulkitik zintzilik neraman poltsa, eta poltsan neramatzan gauza guztiak han zabaldu zirentrenbidean. Arrisku bizian jarri zuten nire bizitza; izan ere, trenetik hain gertu izanda, alde egiteko aukerarik gabe, trenak nire gurpil-aulkia airean eramango zuela sentitu nuen, eta aulkiarekin batera ni neu trenbidera botako ninduela. Ez zen une horretan inor geltokian, ez seguritatekorik ez beste inor, eta, garrasi bizian hasi nintzen arren, ezin izan zidan inork lagundu. Hor izango dira seguritateko kamerek jasotako irudiak, inork ikusi nahi baditu.
Lerro hauen bitartez gertatutakoa salatu nahi dut, eta neurriak hartzea eskatzen diot dagokion arduradunari, aurrerantzean horrelakorik berriro ere gerta ez dadin. Horretaz gain, egun horretako treneko langileek izan zuten jokaera desegokia izan zela eta, behar diren neurriak hartzeko eskatzen dut eta horrekin batera, grabatu ziren irudiak ez ezabatzeko, dagokionak irudi horiek ikusi eta behar diren neurriak har ditzan.
Guk ere trenez ibiltzeko eskubide osoa dugu, behar adinako segurtasunez ibiltzeko eskubidea, gainera.
Zuzendariari
Euskotren gurea ere bada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu