ZUZENDARIARI

Eusko Jaurlaritzarentzat, nafarrak 'estatukide' eta Iparraldekoak 'atzerritar'

2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Martxelo Otamendik jarri nau arrastoan (Eustaten, leitzarrak melillarren pare). EAEko hoteletan uztaileko bisitarien kopurua emandu Eustatek (Jaurlaritzaren estatistika erakundeak) berriki. EAJren esku dagoen Eustatek, Nafarroako bisitariak Estatuko beste bisitariak bezala eta Ipar Euskal Herrikoak Atzerriko bisitariak bezala sailkatzen gaitu. Hortaz, EAJrentzat eta Jaurlaritzarentzat, nafarrok eta jaendarrak edo murtziarrak jatorri berekoak gara, baina EAEtarren (espainiar) estatukide. Bidasoaz bestaldeko euskal herritarrak, ordea, lituaniarrak edo greziarrak bezain atzerritar. Harrapazan.

Beraz, agerian uzten du, irizpide espainiar peto batez sailkatzen dituela herritarrak Jaurlaritzak, EAEz kanpoko euskal herritarrok existituko ez bagina moduan. Bost axola bisitariok euskaldunak garen eta, are, euskarazko zerbitzua eskaintzen zaigun edo ez. Burutik pasa ere ez.

Irakaslea naizenez, Jaurlaritzak EAEko ikasleen ezaugarriei buruz argitaratutako zenbait txosteni erreparatu diet, eta gero egunerokoan bizi dugunarekin alderatu. Bai ba, hezkuntzaren eremurako ere bi jatorri nagusi esleitzen zaizkie ikasleei: bertakoak eta atzerritarrak. Pasaporteak ebazten du auzia! Bertakoak ez dira euskal herritarrak, espainiarrak baizik. Atzerritarrak pasaporte espainiarra ez duten guztiak dira. Bestela esanda: Amezketako, Bilboko, Jerez de la Fronterako eta Alcantarako haurrak bertokoak omen dira guztiak. Nafarrok ere bai, dokumentazio espainiarra dugun neurrian. Aldiz, Urruñako, Mauleko edo Baigorriko haurrak atzerritarrak dira Euskadin, Bordele, Buenos Aires, Marraketx edo Hanburgokoak bezainbeste, espainiar dokumentaziorik eduki ezean! Negargura sartu zait. Hau da hau arduragabekeria eta noraeza, hau iparra galduta ibiltzea. Ez da bakarrik Jaurlaritzak Espainiako betaurrekoak janzten dituela, Espainiar estatuaren beste edozein atal administratibok bezala. Gainera, irizpide erabat okerra da, EAEko Hezkuntza sistemak neurri handi batean euskaraz diharduen neurrian. Ume eta gaztetxoengan duen eragina penagarria izan ohi da.

Hain gaude azpiratuta, espainiar ikuspegia hain dugu xurgatuta eta barneratuta, gauzarik oinarrizkoenei ere ezin diegula bere izenetik esan? Nola izango da ba jatorriz bertakoa Euskal Herrian, Gandiako edo Chiclanako haur bat? Nola izango da atzerritarra Euskal Herrian, Hazparneko alaba edo Uztaritzeko semea? Erotu gara? Garai batean, nafar askok mirespenez eta itxaropenez begiratzen genion Jaurlaritzari. Zein oker eta engainatuta geunden!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.