ZUZENDARIARI

Eusko Jaurlaitxura

2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Oraintsu egindako azterketa medikoan, triglizeridoak altuak atera zaizkit, eta tentsioa ere bai. Eta ez da harritzekoa odol-tentsioa hain altu izatea, kontuan hartuta oraindik ere Lakuan ezin dugula azterketa medikoa euskaraz egin.

Atzo Araba Euskaraz. Arrakasta itzela. Ondo. Baina euskararen partida, nire ustez, eguneroko praktikan jokatzen da gehiago, beste plaza horietan baino. Administrazioko langileen hizkuntza eskubideen errespetuan, adibidez. (...)

Non dago HPS? EBPNren helburuetako bat hauxe da (2.2.2. Erabilera Osasun Zerbitzuetan): «Euskara administrazioaren zerbitzu-hizkuntza izango dela bermatu, batik bat osasun-zerbitzuetan, herrizaingo-zerbitzuetan eta justizia administrazioan.(EBPN, 54)». Zergatik ez ditu euskararen geografiak Lakuako pasilloak hartzen? Non dago denok infektatu behar gintuen UKAN euskararen birus hura?

Analisien emaitzak baliogabetzea eta berriak egitea exijituko dut. Seguru nago euskaraz eginez gero, triglizeridoak eta tentsioa bere onera etorriko liratekeela, bakarrik plazebo-efektuarengatik baldin bada ere.

Aurreko hitzak ez dira oraingoak. Duela zazpi urte idatzi nituen, 2011n, Eusko Jaurlaritzan orain hurrengo egindako azterketa medikoaren garaian.

Izan ere, beste enpresa askotan bezala, Jaurlaritzako langileok azterketa medikoa egin ohi dugu aldiro-aldiro lantokian bertan. Egun hauetantxe tokatu zaigu.

Bi hitzordu dira. Lehendabizikoan, odola ateratzea besterik gabe; bigarrenean, analisien azalpena mediku baten aurrean. Biak ala biak espainieraz, ezinbestean. Milaka langile pasatzen gara zerbitzu ezin transbertsalagoa baten kontsultatik, hormak eta pasilloak «Aukeratu zure hizkuntza», «Eman hegoak euskarari» eta «Eskerrik asko euskararen taupada izateagatik» kartelez apainduta dituen erakunde honetan.

Besterik ere bada: 2013koa da Euskaraz, bai sano Osakidetzan osasun-arreta euskaraz jasotzeko kanpaina; Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko VI. plangintzaldian goaz; hor daude Euskara 21, ESEP, EGOD, Euskararen Agenda Estrategikoa, EAS, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak... tonaka paper, apaletan txukun gordeta. Eta iritsi gara 2018ra, eta egoera hau da: bide-erakusle izan behar zuena azken putz. Hau da gure Eusko Jaurlaitxura. Kanpoan uso, etxean zirin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.