ZUZENDARIARI

Eusko Ikaskuntzaren lana eta gobernuaren lan deialdiak

2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Ikaskuntzak argitaratu berri du Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan. Euskara eta nazio identitatea izeneko lana. Bertan, egileen gogoeta hau azaltzen da, besteak beste: «Euskararen balorazioa administrazioan. (...) Gaur egun, euskara lanpostu publikoetan baloratzea da eztabaida sozial handiena sortzen duen gaia. (...) Ez gara identitate beldurrez soilik ari, baizik eta, batez ere, lan gaiekin lotutako gai materialez». Eta «elkarrizketa sosegatu eta arrazionala» sustatu behar dela diote.

Bueno, elkarrizketa sosegatu eta zentzuzkoa izateko, lehenik jakin behar da zein den errealitatea. 2015-2019 aldian,Geroa Bairen gobernuaren garaian, UPNk, PSNk, UGTk eta beste hainbat eragileksinetsarazi ziguten gobernua euskara «inposatzen» ari zela, eta euskarak «soberako» inportantzia zuela lanpostu publiko bat eskuratzeko. Hori egia al da? Ba ez, jakina. Hezkuntzatik kanpo, oro har, euskara jakitea ez zen izan ez nahitaezko ez merezimendu, garai hartan. Argi ikus daiteke Miguel Izuk idatzitako Aviso a votantes artikuluan (Noticias de Navarra, 2019-5-23). Miguel Izu aditu handienetako bat da Nafarroako hizkuntza politikako legerian, eta Ezker Batuko kidea: beraz, ez da euskal abertzale taliban izatearen susmagarri.

Bada, Miguel Izuk azaltzen du 2011n (UPNko gobernuarekin) plantillaren %9,3 zirela lanpostu elebidunak, gehien-gehienak Hezkuntzakoak. 2018an, berriz, (Geroa Bairen gobernuarekin), %8,3 ziren; orduan ere, gehien-gehienak Hezkuntzakoak. «Baten batek esanen du: nahitaezkoa ez izan arren, euskara hainbeste baloratuko da, non euskara dakitenek bakarrik lortuko duten lanpostua... baina funtzio publikoan sartzeko prozesu gehienak oposizio bidez egiten dira, hots: ez dira merezimenduak baloratzen, ezta euskara jakitearena ere».

Ñabardura asko egin litezke, esan liteke Osasunbidean euskara baloratzen dela (ez beti), esan liteke deialdi batzuetan alemana baloratzen dela eta ez euskara, esan liteke zergatik izan den gai honetan gobernurik okerrena PSNrena... baina arreta desbideratzea litzateke. Argazki orokorra hori da: Hezkuntzatik kanpo, oro har, euskara jakitea ez da eskatzen eta ez da merezimendu gisa baloratzen ere.

Geroa Bai gobernuan zela, nire ezagun bat maketatzailea zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, baina ez zuen lanpostu finkorik. Galdetu nion: «Hasi zara oposizioa prestatzen?». Eta hark: «Ez, alferrik da. Lanpostu guztietarako EGA eskatzen denez eta nik euskara ez dakidanez... Enpresa pribatura joan beharko dut». Harri eta zur, ni: «Zer diozu! Inoiz ez da euskara eskatzen eta! Jakin beharko zenuke, lan deialdi asko maketatzen dituzu!».

Baina UPNk, PSNk eta bestek erabaki zuten gezur horiek zabaltzea gobernuahigatzeko, eta ongi atera zitzaien. Beraz, lehenik eta behin behar da eragile horiek gezurrak esateari uztea, eta halakorik gertatuko ez denez, euskaltzaleok gezur horiek desaktibatu behar ditugu, gaiari heltzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.