Idazlea

Euskararen normalizazioa dela eta...

2024ko uztailaren 4a
05:00
Entzun

Korrikaren oihartzunak gaur balitz bezala entzuten ditugula, orain Lesakako sanferminak dira hurbiltzen ari zaizkigunak. Laster dena poza eta algara bertatik bertara, zorionak.

Ongi mereziak herriko jaiak, baina badira kopeta iluntzeko arrazoiak, eta gure hizkuntzaren aurka doazenak zoritxarrez.

Hauteskundez lepo gabiltzala esan dezakegu eta hortik dator nire kezka.

Aspaldian normalizazio hitza, alor eta helburu ezberdinekin, gure burmuinean sartu nahian dabiltza. Itxuraz denetako baliagarria den hitza da, baina bazterrak nahasteko erabiltzen ari dira.

Normalizazio hitzak bi esanaldi biltzen ditu:

  1. Hizkuntzaren norma finkatzen, arau gramatikalak, lexikoak, ortografikoak...
  2. Hizkuntza egoera normalean egotea, hau da, gizarte funtzio guztiak betetzea. Ingelesak, frantsesak edo gaztelaniak bere jatorrizko lurraldean egiten duten bezala.

Bakoitzak bereari helduko dio, baina hainbat usteko jakintsuek diotenari aurre eginez, egia ezin da nolanahi gorde. Gorde ezin den bezala, Homerok ez zuela idatzi latinez, grekoa zelako, eta Virgiliok ez zuela idatzi grekoz, latinoa zelako.

Quevedok berak ere, ez zuen euskaraz idatzi, espainiarra zelako, Txillardegi berak euskaraz idazten zuen bezala, euskalduna zelako.

Normalizazio hitz honen erabilera maltzur horrekin, espainiarrak agertu nahi ez dutena da hizkuntzen finkapen eta hedapenak, konkistarekin batera, ekintza politikoaren barnean doazela.

Hau da, haiek inposatu nahi dutena onartzen den neurrian dator bere normalizazioa.

Nazkatuta nago hainbat politikari entzuten, behin eta berriro euskararen alde, baina gaztelaniaz.

Lotsa tanta batek ere, ez luke kalterik egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.