ZUZENDARIARI

Euskararen Eguna

2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) Eusko Ikaskuntzak 1949an sortu zuen «euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko eguna» eta XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz, EIk euskal hizkuntzari bere lan-arlo guztietan gogo biziz eutsi dio. ENE abenduaren 3an ospatu ohi da, Xabierko Frantziskoren heriotzaren eguna oroimenean, zeren kondairak dioenenez, bere azken hitzak ama-hizkuntzarekin baliatuz xuxurlatu omen baitzuen eta aurten, Bide berriak, modu berriak lelopean ospatuko da.

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aldarrikatzeko eta euskararekiko konpromisoa adierazteko eguna bada ere, euskararen erabileraren normalizaziotik urrun dago oraindik. Horrela, nahiz eta orain dela 30 urte baino 300.000 elebidun gehiago egon EAEn, biztanle euskaldunenon artean %20k euskararen erabilerari lehentasuna ematen dio, eta beste %8,9k bi hizkuntza tartekatzen ditu, euskararen erabileraren areagotzeko xedea geratuz.

Tamalez, Linguae Vasconum Primitiae-aren sorterrian, Nafar Erreinu Zaharrean, hain zuzen ere, euskararen etorkina kolokan dago, zeren Nafarroa Oinez-en oihartzun mediatikoaz gain, errealitate gordinak frogatzen du Nafarroan euskararen hedapena geldialdirantz doala, azken 15 urteotan gorakada bat gertatu bada ere. Nafarroako euskararen egoera zalantzagarria ikusirik, gogoeta sakonaren eta kritika eraikitzailearen beharra badugula ondorioztatzen da, zeren euskararen ahuleziak euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko eskatzen digu, hots, euskaldunok, erabiltzen dugun euskara gaurkotu, hobetu eta bere erabilera areagotu, eta erdaldunok, euskara ikasteari gogotsu ekin, zeren euskararen erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.

Beraz, Nafarroako euskararen geldialdia saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi eta «fosilizazio» hori ekiditeko euskararen aldeko aurrekontuak areagotzea premiazkoa da, baita euskara eguneroko bizitzaren arlo guztietan ikusgai izatea ere, Nafarroan bizi garenontzat euskara ondasun kulturala eta batzeko tresna bilaka dadin. Ildo horretan, aurtengo Euskaraldia kanpaina bultzatzaile eraginkorra izan da, aurreiritziak, beldurrak eta lotsak behin bazterturik, «euskararen unibertsoan» murgiltzeko parada izanez eta emandako emaitzak behin ikusita, geratzera etorri egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.