Azkenaldian euskarak hainbat oldarraldi jaso ditu epaileen aldetik. EAEko Auzitegi Nagusiak hainbat epai eman ditu, ebatziz udal administrazioek euskara ez dutela derrigorrez lehenetsi behar beren jardunean, edo langileen oposizio prozesuetan hizkuntza eskakizunak derrigorrak ez izatea. Sententzietan azpimarratzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daudela, eta biek pareko izan behar dutela: «Ezin da egon bat bestearen gainetik. Bi hizkuntzak ofizialki berdinak dira, eta ezin da bietako bat lehenetsi».
Epaileen argudioak hautsak harrotu ditu. Nahiz eta aitortzen den administrazio publikoak zuzen jokatzen duela herritarrek zerbitzu publikoa ematen duten langileekin nahiago duten hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea onar dezaten, kontrajarrian ipintzen du bere argudioa. Hala, autoek diote asmo hori ezin dela oinarritu bi hizkuntza koofizialak menderatzen dituztenen kontratazioan, hala bietako bat bakarrik — gaztelania— dakiten pertsonen eskubidea mugatzen bide delako.
Euskararen erabilera normalizatzeko asmoa agertu zenetik berrogei urte baino gehiago igaro dira. Kontenplaziorik gabe egin zitekeen, inposizioaren bidez. Malgutasunaren alde egin zen, eta hori, luzarora, ez da itzuli horren onuradun izan ziren erdaldunen artean. Eta ez dut esaten zuzena ez zenik, baina lau hamarkada geroago, oraindik ere, euskaldunek langile publikoekin beren hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea ukatzen da.
Euskararen inguruko eztabaida gehiago garatu behar da; ez da isiltzeko unea. Euskal hiztunak baztertu egiten dira Euskal Herri osoan; ezin dugu gure hizkuntzan normaltasunez bizi. Esaterako, Urkullu lehendakariak urriaren 24an Familia Enpresen Kongresuan bere hitzaldian euskaraz jardun zuenean kexua erakutsi asmo zuten murmurioak eta eztulak egin zituzten han zeuden hainbat pertsonak. Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoaren agintari nagusiari mespretxu eta eraso hori egiteko gai badira, zer ez diete ba egingo herritar xumeei. Horrelako erasoak ezin ditugu onartu eta ezer gertatuko ez balitz bezala utzi. Espainieraren nagusitasuna defendatzen dutenek eztabaida publikoa baldintzatu nahi dute, gizartea jarrera epeletara eramateko, aldaketa minimo eta kosmetikoak bakarrik onar daitezen, horrela estatuaren kontzeptu monolitiko bat inposatuz, gaztelaniaren hegemoniarekin batera.
Horregatik, gaur Bilbon euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioan parte hartzearen garrantzia azpimarratu behar da, eta euskalgintza sustatu. Euskaldunok ez gara isilduko erasotzen diguten bitartean;ez dugu etsiko, etxean geratuz, euskaraz mintzatzeko beldurrez.
ZUZENDARIARI
Euskararen aurkako oldarraldiei aurre egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu