Hizkuntza eta politika ez direla nahasi behar entzun izan dut maiz, euskara ateratzen dela kaltetua. Baieztapen hori etsaiek sartu diguten ziria da, euskara arriskuan bada, haiek hala erabaki dutelako baita. Herri kolonizatuetan zapalkuntza politiko eta kulturala izaten da. Eta politikaren bitartez gure hizkuntza ordezkatu dute.
1800. urtean euskalduntze tasa azkarra zegoen frantziar estatuaren menpe dugun Euskal Herriaren zatian: baxenafartarren %94,5, lapurtarren %79,5 eta zuberotarren %92 ziren euskaldunak. Hortik, euskararen zapalkuntzaren historian grabatuak gelditu diren erranaldiak iritsi ziren:
Mauleko suprefetak bigarren mailako hezkuntzaren helburua honela definitzen zuen (frantsesez noski): «Ignorantziatik atera herri bat, zeinak hizkuntza partikular bakarra duenez ezin duen harremanik sortu nazioaren gainerakoekin». Hara! Hizkuntza ordezkapena eskolaren bitartez, frantses nazio kontzientzia pizteko asmoz, herri ignorante bat omen ginelako.
1849an Jean Hayet abadeak ikastetxe bat ireki nahi zuen honela argudiatuz (frantsesez): «Ikastetxe honek abantaila bikoitza izanen du, menditar on baina txiroei heziketa eskaintzea, eta, honen bitartez: frantses hizkuntzak euskararen tokia hartuko du». Ezin argiago!
Eta denok dakigu erabaki horiek zein ondorio ekarri dituzten euskal hiztunen kopuruan. Beste herrien menpe garen bitartean, kolonizazio prozesuak aurrera jarraituko du. Askapen nazionala lortu bitartean, hori bai, hizkuntza politika ausartek odol hustea arindu dezakete. Baina Euskal Herrian agintzen duten politikari gehienak, kolonizazioaren parte edo koldar hutsak dira. Eta elkarbizitzaren izenean ez dute neurri eraginkorrik hartzen.
Politikarien koldarkeriagatik, ekimen desberdinen bidez herritar zintzoak baliatu izan dituzte berreuskalduntze prozesua aurrera eramateko. Hori da Euskaraldiarekin gertatzen dena: euskararen egoeran beraiek duten erantzukizuna bigarren mailara pasatzen da, karga guztia herritarrengan gelditzen den bitartean.
Eta, hala ere, Euskaraldian parte hartzea erabaki dut. Euskaraldiak herritar zintzoengan kontzientzia hartze bat ekar dezakeelako, eta euskaldunok ditugun konplexuak baztertzea ahalbidetu. Baina konpromiso pertsonal eta kolektiboen gainetik, euskal nazio askapen mugimendua indartu behar dugu. Euskararik gabe Euskal Herririk izanen ez den bezala, Euskal Herririk gabe nekez izanen delako euskara.
ZUZENDARIARI
Euskaraldia? Zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu