ZUZENDARIARI

Euskarak galtzen, eta euskara galtzen

2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Iñaki Galdos Irazabal kexu da egunkari honetako maiatzaren 24ko iritzi artikuluan, Euskara aurrera manifestazio eta ekimenaren ordezkari bat, ETBk elkarrizketatuta, bere euskalkian aritu zelako eta ez euskara batuan. Galdosek dio ETB edo Gaztea Irratia ez direla euskalkietan hitz egiteko lekuak, eta Euskal Herri osorako diren medio hauetan honela aritzea kritikatu egiten du.

Guztiz desados nago berarekin. Horixe bakarrik falta zaigu, euskaraz jardutea debeku eta oztopo gehiagoz jostea. Hemen iritzi edo ekimen bat espainieraz azaltzen denean, ez dago espainiera motaren araberako oztopo edo debekurik. Eta euskaraz jardunez, hori eta gehiago jasan behar dugu? Euskara aurrera ekimeneko arduradunek euren ahaleginagatik eta lanagatik zoriontzea besterik ez dute merezi. Guztiz pozgarria da halako ekimena, eta guztiz pozgarria da euskaraz hitz egiten entzutea, batuan zein euskalkietan hitz egin, eta edonon.

Zelan ez da pozgarria izango, Euskal Herriko leku askotan euskaraz hitz egiten entzutea mirari autentikoa denean! Azken azterketa soziolinguistikoaren arabera zortzi elkarrizketatik bat bakarra da euskaraz, eta nik daukadan susmoa askoz txarragoa da (umeen euskara mailan geratu garela ere badakigu). Euskal telebista edo irratiei dagokienez, uste dut ezin dutela euskalkian hitz egiten duena baztertu (horixe bakarrik falta zaigu!). Euskal telebista zein irratiek Euskal Herriaren agertoki eta lekuko izan behar dute, eta lan egin behar dute ez bakarrik euskara batua ezagutarazten, baita ere Euskal Herriko euskara ezberdin ederrak ezagutarazten, euskaldun guztiei lekua eginez.

ETB2k espainieraz ondo moldatzen ez diren euskaldunak euskaraz elkarrizketatu beharko lituzke, euren euskara ederraz denok aberastuz, gero eta urriagoak diren mirarizko euskaldunen eta euskararen alde eginez, galtzailearen alde eginez, eta ez galtzailea (euskalduna) gero eta erridikuluago eta baztertuago utziz.

Eta argi gera dadila ni ez naizela euskara batuaren aurkakoa. Egunkari honen irakurlea eta harpideduna naiz, eta uste dut euskara batuak mesede handia egin digula. Baina sarritan euskara batuaren izenean euskarak galdu egiten du eta euskara galdu egiten da (oztopo eta debekuekin hasten bagara, zer esanik ez!).

Oroimenean iltzatuta geratu zait ETB1eko Barre librea programan, beste partaide batzuek ez moduan, Onintza Enbeitak txistea euskara batuan kontatu zuenekoa, bere berezko ahoskera, intonazio, musikaltasun eta soinu guztiak galduta, gatz eta piper guztia galduta. Atsekabea sentitu nuen. Onintza Enbeita, Xabier Amuriza edo Adolfo Arejita Bizkaiko euskaran entzutea zeruan egotea da, plazer hutsa. Baina euskara batuan (hirurek guztiz ondo menperatzen duten arren), hirurek galtzen dute, eta zelan ez, guztion euskarak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.