ZUZENDARIARI

Euskara baloratzeko ausardiarik ez

2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Iruñeko Udalean, gainontzeko udaletan bezala, alkatearen eskumena da lan deialdiak onartzea. Beraz, EH Bildu da ardura hori daramana gaur egun. Orain arte nora eza erakutsi du. Euskara baloratu gabe hasi zen lan deialdiak egiten, agian UPNren beldur. Kritika ikusirik, jarrera aldatu du, baina bide penagarri batean sartuta.

Ingurumen Hezkuntzako programetako koordinatzaileen, Mugikortasuneko koordinatzaileen eta laguntzaileen, Ingurumen Hezkuntzako maila ertaineko titulatuen, Berdintasun, Gazteriako eta Partaidetzako teknikarien zerrendak osatzeko deialdiak argitaratu berri ditu. Euskara jakitea puntuatzea erabaki du, Hizkuntzen atalean. %10eko balioa eman dio. Baina bere burua zuritzeko, ingelesari ere balioa eman dio (%8), atal berean. Beraz, euskararekin %10 lor daiteke, ingelesarekin %8, eta biekin %10.

Arazoa da ingelesaren balorazio hori erabat artifiziala dela. Ez da Iruñeko ohiko hizkuntza, ez da hizkuntza ofiziala eta ez da lan hizkuntza. Hau da, ingelesari balioa eman dio, lanpostuen beharrek inolaz ere eskatu gabe. Erabat lotsagarria da hori, baina euskara eta atzerriko hizkuntza hori parekatzeko temak mutur horretara eraman du.

Barcinak hasitako ildoari jarraitu dio: hau da, ingelesa inolako beharrik gabe baloratzea. Barcinaren asmoa garbia zen: PAI bultzatzea, D ereduaren kaltetan. Zein da Iruñeko EH Bilduren asmoa? Gure taldearen ustez, EH Bilduk Iruñeko Udalean lan deialdietako euskararen eta beste hizkuntzen balorazioan iparra erabat galduta dauka. Hiru deialditan hizkuntzak baloratzen dira kanpoko zerrendarako, baina ez barne zerrendarako. Inkoherentzia erabatekoa!

Ingurumen Hezkuntzako programetako koordinatzaileen zerrendarako euskararen balorazioa eta ingelesarena %10ekoa da. Hau da, Euskararen Ordenantza urratzen du, euskararen balorazioa %25 handiagoa izatea agintzen baitu. Laburbilduz, benetan euskara erabakigarria izaterik ez du nahi. Zergatik ez zuen erran hauteskundeen aurretik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.