Urkulluk Euskaltel hemendik eramateko edo desagertzeko arriskurik ez dagoela esan du, egoitza aldatzeko akzioen %75 behar delako. Hori herritarrak engainatzea dela uste dugu.
Hor dugu BBVA. Egoitza Bilbon du, baina hemen sortzen zituen lanpostu gehienak desagertu dira, erabaki zentroa, hornitzaileen sarea eta zentraleko langile guztiak hemendik aspaldi eraman zituelako. Arrisku bera dugu Euskaltelen, Mario Fernandezek hasi eta Billalabeitiak jarraitu duen politika negargarriagatik: zergak hemen ordaintzea, baina lanpostu gehienak kentzea. BBK-k, Kutxak eta Vitalek enpresen partaidetzetan zituzten 4.600 milioi ingurutatik Kutxabankek orain dituen 2.700 milioitara pasatu gara, Cajasur erosteagatik eta Kutxaren porrot inmobiliarioengatik. Estatu espainiarrean krisian sartu ziren beste entitateak erreskatatzean erosleek estatuko laguntza ekonomikoa izan zuten, baina hemen ez, Kutxabank zuzentzen zuen Mario Fernandezek enpresetan genituen akzioak saldu eta horko diruarekin estali genuen Andaluziako gotzainen kutxaren zulo erraldoia, besteak beste. Urkulluk, zorionez, Mario Fernandez kanporatu zuen baina eginiko kaltea jadanik konponezina zen. Gainera, ondoren jarritako Billalabeitiak akzioen salmenta desegoki hauekin jarraitzen du, Jaurlaritzak zuzendu gabe. Ez da kasu bakarra. Hor dugu Naval ontziola. Zeharka 2.000 lanpostu sortzen duen sarea dago. Langileak enpresan parte hartzeko prest zeuden euren langabezi sariak arriskuan jarriz. Eta administrazioek ez dute inolako arriskurik hartu. Tapiak ilegala dela diosku. Ez adarrik jo, Frantziak bere enpresak askoz hobeto zaintzen ditu edo Italia Endesa enpresa publikoaren jabea da.
Arrazoia? Inbertitzeko diru guztia azpiegitura alferretara zuzendu behar delako, horiek «poltsiko asko berotzen» dutelako: AHTen geltokietan 1.600 milioi, autobia berrietan 300... Burutik gaude? Aberastasuna sortzen duten enpresak desagertzen lagundu eta gastua eta kalte ekologiko handiak ekarriko dituzten azpiegitura erraldoiak egin? Jaurlaritzak eta Kutxabankek enpresa traktoreak desagertzen edo saltzen utzi dituzte ganorazko enpresa politika bat ez sustatzeagatik.
ZUZENDARIARI
Euskaltel: Jaurlaritza, enpresa traktoreekiko axolagabekeriaren ikur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu