ZUZENDARIARI

Euskaljel

Oñati.
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Astelehenean Euskadi Irratiko Faktorian Nuria Lopez de Guereñu, zure siñadura entzun dut. Euskaltelen errotzeaz: laguntzak eman behar zaizkiola ikerketarako, kontratazio baldintza aproposak ere bai... Partekatzen ditut proposamen hauek, kontzeptu bezala: lagundu, apropos... zeinek ukatu horrelakorik?

Euskaltel aferaren memoriarik ez banu, beste barik pasako litzaidake Euskaltelekiko zure ikuspuntu hau. Baina, haserrea sentitu dut nire erraietan. Gogoan daukat aurreko astean Euskaltelen aferaz Joseba Permachi irakurritako txio kate bat. Zergatik haserretu naizen hausnartzen hasita, konturatu naiz mindu egin nauela zure ikuspuntuak berak. Errotzeaz jaso dituzun adjektibo guztiak lekuz kanpo ikusten ditut gure diruaz hazi, eta orain kapital arrotzak kudeatutako Euskaltelen. Errotu, ez baitira enpresak egiten. Errotu, landareak bezala, pertsonok egiten gara, gure herri eta hirietan. Zuek izenez ere errogabetzen ari zareten Basque Countryn. Honela irudikatzen dut Euskaltel: Arrotz kapitalista gutxi batzuk gure bainuetxe batean: laguntzak ikerketarako, laguntzak kontrataziorako, laguntza fiskalak... eta masajea barne. Errotzetik baino, losintxa egitetik gehiago dauka horrek. Menpekotasunetik. Zenbat kostako zaigu herritarroi arrotz ase ezin horiek asetzea? Trukean zer jasotzeko?

Enpresak errotzeko erarik egokiena hauek langileen jabetzakoak, kooperatibak, izatea dela sinistuta nago: lana, kapitalaren aurretik.

Zein baldintzatan eta nori salduko diozuen ez dakit. Bainuetxe handiegitxo bat beharko dugulakoan nago. Kapitala ez baita errotzen. Kostu baxuenak eskaintzen dizkien gobernuen atzetik globalizatzen da. Kudeaketa eredu kapitalista bere egin dutenen atzetik. Kapitaletan, kapitaletik eta kapitalarendako bizi zaretenok ez duzue mendi goiko landareen esperientzia eta ikusmira bera. Bistan da.

Haserrea, joan zait hau idaztearekin. Mina, baina, nirekin daramat. Min bizia eragiten dit daramazuen kudeaketa ereduak. Badakit ikuspuntu kontua besterik ez dela. Badaukala kimioterapiarik: zuen balnearioko jelarekin ahaztuko nukeela mina. Bainuetxeen epelean tentsioa jaisten zait, baina. Nahiago dut haize hotz bustia aurpegian, bizipoz eta biziminez erroturik, udaberriz udaberri gure lurrean loratu, Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.