Otorrinoarekin behar nuen txanda hartu (entzute arazoak, adin kontuak) Intxaurrondoko anbulatorioan, Donostian. Beste guztietan bezala eskatu nuen mediku euskalduna izan zedin. Ez zekitela zein otorrino zen euskaldun eta zein ez. Ea nik banekien. Ezetz (aurreneko txanda nuen). Emango zidatela orduan txanda beste nolabait. Egun batzuetara jaso nuen posta arruntez txanda urrirako. Aukeran berandu, baina ongi. Egun gutxira deitu zidaten telefonoz, espainol garbian, txanda aldatzea eskainiz abuztuaren 6rako. Ni euskaraz, eta telefonoz bestaldean, ulertzen ahalegindu zen neska bat, are amaieran hitzen bat euskaraz egiten ahalegindu zitzaidana eta azaldu euskara ikasten ari zela. Eskertu nion ahalegina.
Joan naiz nire hitzordura Grosera, Donostian. Gelaz kanpo erizaina jator, euskaraz, ongi. Medikua barrutik niri espainol garbi eta hutsean, euskara urrundik ere ezagutzen ez zuenaren itxura. Azaldu diot erizainari mediku euskaraduna nuela eskatua, eta ez niola medikuari espainolez egingo. Erizainak eskaini dit berak egingo zidala itzultzailetza, eta nik nire eskubideak alde batera utzita, eta alde batera utzita Osakidetzaren konpromisoa mediku euskalduna eskaintzeko, onartu diot eskaintza erizainari —nire denborak ere balio du zerbait—. Audiometria egitera zihoazkidan. Eta etorri zait erizaina esanez medikuak ez zuela onartzen itzultzailetzarik. Hau da, edo espainolez egiten niola hari zuzenean, edota bilatzeko beste mediku bat eta beste hitzordu bat. Nik gogorarazi diot erizainari ni prest nengoela itzultzailetza onartzeko. Medikuak omen zioen hala ez zuela ulertuko, eta ezetz, bilatzeko beste mediku bat eta beste hitzordu bat. Eta ni, nahiz eta nire printzipioetako —eta eskubideetako— asko janda ere, medikuaren txandarik gabe geratu naiz, eta are egitera zihoazkidan audiometria ere gabe. Zergatik? Zergatik bai!
Medikuak bakarrik EGA espainola dutenak artatzeko kobratzen bide du nonbait. Ez itzultzailerik ere onartzeko. Eta Osakidetzak hori onartzen dio? Onartuko dio? Jakin nahi dut. Erraz jokatzen da besteren, kasuan euskaldunaren denborarekin. Medikuak berdin irabaziko du.
Erizainaren laguntzaz eman didate beste hitzordu bat, orduan, ustez, otorrino euskaldunarekin (ez bada oporretan, edo katarroarekin, edo...).
Amaitzeko, erizainak lagundu dit bertako Paziente Arreta Zerbitzura, nire kexa bideratzeko. Kontatu diot istorioa eta idatzi bat egiteko esan didate, eta aurkezteko Osakidetzari. Eskaini diot aukera idatzia berak egiteko han bertan. Ezetz. Ez nuen horretarako Paziente Arreta Zerbitzura behar. Bejondeiela!
Euskaldunontzako azalpen eske.
ZUZENDARIARI
Euskaldunon miseriak Osakidetzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu