ZUZENDARIARI

Euskaldunok kontsumi ez gaitezen

Garbiñe Petriati Ijurra.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria.
2015eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetako gizarteari kontsumo gizartea deitzen diogu. Merkataritzak izugarrizko garrantzia du bizitza kolektiboan. Bizi garen gizarte kontsumista honetan guztiok gara bezero.

Merkataritzan Erabiltzaile eta kontsumitzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko 123/2008 Dekretua onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Eremu sozioekonomikoan euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko lehen saialdia izan zen.

Ondorioz, zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan ematera behartzen ditu interes orokorreko zerbitzuen hornitzaileak eta neurri handiko saltokiak. Enpresa horiek gaztelaniaz zein euskaraz eman behar dute arreta-zerbitzua ahoz, telefonoz, idatziz, inprimaki guztietan...

Berriki jakin dugu, ordea, enpresen %78k, 10etik 7k, ez dutela dekretua betetzen. Alegia, enpresarik gehienek ez dituztela euskal hiztunak kontuan hartzen eta haien eskubideak bermatzen. Behatokian, egiaztapen horrek ez gaitu harritu edo ezustean harrapatu, diskriminazio horren frogak maiz helarazten baitizkigute herritarrek euren amorrua eta egoneza adieraziz:

«Euskaraz egin nahi izan nuen, eta ORANGEko langileak modu txarrean 'idioma castellano, español! (espainieraz, gaztelaniaz!)' esan ondoren zintzilikatu egin zuen».

«Decathlongo saltokian bezeroari informazioa emateko kartelak ez daude euskaraz idatzita, soilik gaztelaniaz daude».

«Forum Sportek ezabatu egin du euskara bere publizitatetik. Publizitatea euskaraz ikusi nahi nuela, bestela baja emateko esanez idatzi nien. Euren datu basetik kenduko nautela esanez erantzun didate».

«Eurekin harremana euskaraz izan nahi dudala behin baino gehiagotan jakinarazi arren, Vodafonek erdara hutsean bidali dit publizitatea...».

Hamaika telefono dei, hamaika iragarki, hamaika inprimaki... denak erdaraz… Euskaldun gisa baztertuak, erasoak, minduta sentitzen dira euskal hiztunak. «Erreklamazio bat egiteak beti eskatzen du ahalegin bat, ez da gauza atsegina» esanez jotzen dute Behatokira.

Nola ez dira, bada, horrelako egoerak gertatuko, euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez bermatuta ere establezimendu horiei ez bazaie ezer gertatzen? euskaldunok diskriminatzeak eta axolagabe jokatzeak ez badu inongo ondoriorik?

Uste dugu badela garaia, are gehiago, urgentea dela kontsumitzaile euskaldunok errespetatuak izan gaitezen neurri eraginkorrak hartzeko; bestela, ezintasunak kontsumituko gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.