...telebista kontsumitzerako orduan». Hitz horiekin arranguratu zen behin Hasier Etxeberria Euskaldunak bere telebista-saioak pizturiko arreta eskasaz; eta kazetari zendu berriaren hitzok baliatuko ditut nire aldartea xuabe adierazteko eta, bidenabar, hari gorazarre egiteko edo. EAEko etxe handian lan egiten dut, eta nire zereginak direla-eta Euskadiko bazterrak bisitatzeko eta ezagutzeko aukera izaten dut maiz, eta ohitura dut, aitor dezadan, tokian-tokian kafe-mokadua egin eta tokian tokiko berezitasunak kuxkuxeatzeko. Eta azken egunetako esperientzia paradigmatikoa gertatu da aurretik neukan susmo tristea trinkotzeko: Tolosan, Ondarroan, Mallabian eta Bastidan telebista-paisaia berdintsua da, espainola.
Apirilaren 4an, Tolosara joatea egokitu zitzaidan, eta goiz erdian, egin beharreko bisita bukatuta, erdialdeko kirolgune historiko bateko kafeteriara hurbildu nintzen aipatu ohitura berritzeko asmoz, eta hango giroa nagusiki euskalduna izanik ere —bertako langileak ere bai—, telebista espainola zegoen jarrita. Ez nion kasu handirik egin, eta ez dakit Tele5 edo Antena3 zen, bietako bat bai —Korrika Gipuzkoan zebilen—. Apirilaren 5ean, Ondarroara joatea egokitu zait, portura hain zuzen ere, eta hangoekikoak bukatuta bertako tabernara sartu naiz, eta hango giroa nagusiki euskalduna izanik ere —bertako langileak ere bai— telebista espainola zegoen jarrita; han ezagutu dut Paula Echevarria eta David Bustamanteren artekoa. Handik Markinara joan behar, eta kasualitatez Korrikaren atzetik joateko parada egokitu zait, eta baita, Markinan bertan, Korrikako giro jendetsu eta alaiaz gozatzekoa ere. Markinako lan-jarduna eginda, bueltako bideari ekin diot. Handik gutxira, eguerdia eta bazkaltzeko ordua izanik, Mallabia gaineko jatetxean gelditzea deliberatu dut, eta hango giroa nagusiki euskalduna izanik ere —bertako langileak ere bai- jangelako telebistan Antena 3eko lehiaketa bat zegoen jarrita. Bazkaltzeaz batera hausnarrean ere ibili naiz eta goibeldu zait aldartea, eta Hasier Etxeberria etorri zait gogora, eta bere telebistako saioez eta bere eginahalez gogoratu naiz, eta ondorioztatu dut euskaldunok okapiak baino arraroagoak ez ezik eskasak, purtzilak, axolagabeak ere bagarela telebista kontsumitzeko orduan («arrazoi komertzialak direla medio» balitz sikiera), eta pentsatu dut badirela bi hitz oso ondo egokitzen zaizkigunak: «euskaldunak = kanpolarrosa/etxekalte». Erabat zintzoa izate aldera esan behar dut jantokitik ateratzean tabernako barran beste telebista bat ere bazegoela martxan, eta bertan euskal kateko lehiaketa zegoela: «hori da elebitasunaren legea zorrozki betetzea!», begitandu zait. Bukatzeko: pasa den astean Errioxako Bastidara joatea tokatu zitzaidan, eta han giroa nagusiki euskalduna ez bazen ere, euskaraz egin nuen tabernako neskarekin. Telebista jarrita ez zegoenez, pentsatu nuen piztuta egonez gero kate espainola egongo zela seguruenik, edo agian ez? Errioxan ez zegoen Korrikarik. Suertez, Etxart-Larrandaburutarren Eperra CDa neraman autoan, eta bihotza altxatzeko entzuten egon naiz Bizkaitik Gasteizerako bidean: Oi! eüskaraz kanta, bai eüskaraz dantza, eüskaraz mintza. Aitak eta amak, anai-arrebak hots aitzina. Holaz girade Xiberoan bai biziko boztarioan. Tralalai, tralalai, tralalai «euskal ildoan».
ZUZENDARIARI
«Euskaldunak okapiak baino arraroagoak gara...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu