Zuzendariari

Euskaldun petoei esker

Oiartzun.
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Duela 17 urte neska madrildar bat Gipuzkoan agertu zen, eta, hemengo mendiak eta itsasoa ikusi, usaindu eta sentitu ondoren, gelditu egin zen. Hasiera guztietan bezala, jende asko ezagutu zuen, gehienak erdaldunak, eta gutxi batzuk euskaldunak. Bereziki birekin ondo konektatu zuen, Arantxi Mitxelena eta Amaia Astigarragarekin, biak euskaldun petoak. Haiei esker, euskararekiko grina piztu zitzaion, beti euskaraz mintzatzen zirelako, nahiz erdaldunak tartean egon. Hasierako elkarrizketa surrealista horiei esker, bertso saio batera joan zen madrildarra. Tutik ez zuen ulertu, baina faszinatua gelditu zen. Zer ote zegoen hitz horien baitan, publiko osoa hain adi egoteko. Hitz bakarra, keinu bakarra, nahikoa ote zen antzerki erraldoi baten espazioa osatzeko? Inoiz bizi izan gabeko emozio kolektiboa sumatu zuen. Hurrengo goizean, madrildarrak izena eman zuen euskaltegian.

Eta nola zen posible mundu zoragarri hori, euskararen mundua, erdaldunen ondotik ikusezin igarotzea? Errealitate berean bizi, toki berean egon, une berean begiratu, baina ederrena ez ikusi, ez sentitu, ez gozatu. Laboaren kantak kantatu, baina hitzak ez ulertu! Madrildarrak honela irudikatzen zuen egoera: euskara ikasi gabe, hemen gertatzen denaren erdiaz bakarrik enteratzen zara, beste guztiaren aurrean itsua zara.

Geroztik, urte asko igaro dira. Euskaltegiko garaiak urruti gelditzen dira, baita barnetegiko hilabete hura. Lanpostu baten eskakizuna betetzeko EGA prestatu, eta gainditu ere egin zuen, kanpotar guztiek bezala, arin. Euskal Herrira etorritako helduek ez dute lotsarik sentitzen gaizki mintzatzeko, kanpotarrak dira, eta euskara ikasteko ezinbestekoa den ura basoan bat horietakoak gustura botatzen dituzte, eta ingurukoek, gainera, txalotu egiten dute ahalegina. Indioz mintzatzea ezinbestekoa da hizkuntza bat ikasteko. Isilik egoteak zenbat balio dun! Isilik dagoen euskaldun berria informazioa prozesatzen ari da, eta entzule izaten trebatzen.

Gero madrildarrak administrazio euskaldun batean lan egin behar izan zuen, eta, bertan komunikazio guztia euskaraz egiten zenez, izugarri trebatu zen.

Azkenik, Oiartzunen bizitzea izan zen gakoa. Oiartzunen dena zen euskaraz: kaleko hizkera, dendetan entzuten ziren hitzak, tabernako giroa eta pankartak. Hara, iritsi gara eskutitz honen abiapuntura. Oiartzunen, noski, pankarta guztiak euskaraz ziren. Hamazazpi urte geroago, madrildarrak bere prentsarako idatziak ere euskaraz idazten ditu. Orain madrildarra euskaldun petoa da (ailegatzea posible da; animo ikasten ari diren guztiei). Asko gara euskaraz bizi nahi dugunok. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen aldeko urrats ausartak ematen dituen une berean (biba zuek!), Oiartzunen «esta crisis es una ruina» behin eta berriz irakurri behar!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.