ZUZENDARIARI

Euskaldun izateko eskubidearen defentsan

Etxarri Aranatz.
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Badira egun batzuk Arnas Dezagun deitzen den guraso talde batek nolabaiteko poztasuna sortu zidala. Ez, baina, Ez sakabanatu eskolan haur euskal hiztunak! artikuluan idazten zutena berria zelako edo harritu ninduelako, guztiz identifikatua sentitu nintzelako baizik.

Bikotea eta biok Altsasuko eta Bakaikuko euskaldunak gara (euskaradunak, hau ere esplikatu behar omen da eta), gure seme-alabak ere bai, noski, eta euskaraz bizi nahi dugu, atrebentzia ez bada.

Ez genuen uste, garai honetan, Sakanan zailtasun berezirik izango genuenik horretarako. D eredua da nagusi Sakanako ikastetxeetan (publiko zein itunpekoetan), halere, bada oraindik A ereduan dabilen gutxiengo bat. Hau horrela, guztia alde genuela zirudien.

Eskualdeko ikastetxe publikoetan Haur eta Lehen Hezkuntza eskola txiki edo gertuko eskoletan izaten da. Gure kasuan, umeak Etxarri Aranazko San Donato ikastetxe publikoan izan ziren, eta hirugarrena ere bertan da. Eskolak, irakasle taldeak alegia, bereak eta bi borrokatu zituen A eredua desager zedin, erdaldunak euskalduntzen izugarrizko lana egin zuten, aisialdia euskaraz bultzatu zen (egun, gauzak okerrera egin du arlo honetan), eta atsedenaldian umeak euskaraz ari zitezen programak zituzten (jolas bideratuak, txartel jokoak...). Iritsi da, baina, institutura joateko unea.

Taldeak egiteko garaian, institutuko orientatzailea ikastetxe bakoitzarekin harremanetan jarri eta ikasleen arteko harreman eta bestelako informazioa elkarbanatzen dute, eta horren arabera taldeak osatzen dituzte... Baina euskararen erabilera ez da taldeak osatzeko unean irizpide moduan kontuan hartzen. Eta ondorioak, halakoxeak. Gure alabaren kasuan, D ereduan matrikulatuta egon arren hizkuntza ohiturak guztiz aldatu ziren, institutuan eta kalean solasaldi guztiak gazteleraz egiten zituen, etxean ere gaztelera erabiltzen hasi zen... desastrea.

Esperantzara kondenatuak gaudela dio Garik eta hori izango da akaso, baina argi izpi bat ikusi dut alabarengan azkenean. Institututik kanpo jada, 16 urterekin, Etxarriko eskola garaiko lagunekin euskaraz hitz egiteko ohiturari eusten dio, ikastetxe hura harendako arnasgune ederra izan zelako. Altsasuko institutuan ez zuen aukera hori izan; bertan sortu ziren harreman berriak gazteleraz sortu ziren eta hala jarraitzen dute izaten, erdaraz.

Gurea adibide bat besterik ez da; ezagutzen ditugu gehiago inguruan eta Euskal Herri zabalean horrelako makina bat izango dira ziur. «Eskolak ezin du dena egin» haurrak euskalduntzeko garaian; ados nago, eta irakasle izanik errealitatea zein den ezagutzen dut, baina eskola ezin daiteke izan haur euskaldunak erdaldun bilakatzeko gune. Alde ederra ikusi nuen nik Etxarriko eskolaren eta Altsasuko institutuaren artean horretan, tamalez.

Gure seme-alabek euskaraz naturaltasunez eta eroso egiteko aukera izan dezaten baldintzak sortu behar dira ikastetxeetan, deitu arnasgune, arigune edo deitu nahi bezala. Horretarako, gure etxean, gure herrian, eskubidea daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.