Aurten ere polemika sortu da Kontxako estropadan garaileetako batek euskal presoen aldeko mezua zabaldu duelako. Eta betiko topikoetako bat bota dute zenbaitzuek: kirola eta politika ez direla nahasi behar. Kirola eta politika ez dira nahasi behar, baldin eta zapalduen bandoan bazaude, noski, zapaltzaileek erabaki politikoen ondorioz debekatzen baitiete euskal kirolariei mundu mailan ikurrinapean lehiatzea.
Kirolaren bidez lortu dute Getaria bezalako herri euskaldun batean arraunlariek Espainiako bandera kaleetan eta udaletxean harro astintzea, edo Hondarribian egunetan hamarnaka piperpoto Kale Nagusian eskegirik ikustea. Kirol garaipen bat ospatzen dutela esango dute... baina Espainiako banderarekin... Luzerako emango lukeen beste eztabaida bat da, ordea.
Zapalduok kirola eta politika elkarlotzen ditugunean ordea, akabo! Urkullu bera ere atera da datu batzuk plazaratuz (baimena eskatu diela espero dut, fokuen erdigunean jarri baititu...). Urkulluk, bistan da, ez gaitu besteok inoiz aipatzen: senide eta lagun torturatuak, bahituak eta sakabanatuak ditugun edo izan ditugun hamarnaka arraunlariak. Bizitzako lehen hamabost urteetan milaka kilometro egitera kondenatuak izan garen arraunlariak, bide istripuak barne. Senideen sufrimenduz beteriko tortura lekukotzak irakurri ditugun arraunlariak. Espainiar estatuak eraildako senideak dituzten arraunlariak... eta abar.
Nik ere, eman dudan palada bakoitzean euskal preso politikoak bihotzean izan ditut, eta naturalki, izan ditudan garaipen eta une zoriontsuetan oso gogoan izan ditut. Neure egiten ditut beraz Taberok Kontxako bandera prestigiotsua irabaztean errandakoak. Iurgi, Sanse, Gaztelu eta beste guztiak etxera orain!
Urkulluk jakin dezala, abertzaleok egiteko dugun bide bakarra, herriaren askatasunaren bidea dela!
ZUZENDARIARI
Euskal presoen alde arraunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu