ZUZENDARIARI

Euskal politikagintzaren usteltzea: hezkuntza

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Euskal politikari buruz jardutean, sarri aipatzen dira degradazioa, urardotzea edo iruzurra. Hezkuntzan azken hilabeteotan bizitzen ari garena da horren adibide. Hezkuntza-lege berrirako itunak ahoa bete hagin utzi gaitu euskaltzale asko. Alderdi abertzaleen jokabideak eta adierazpenek bereziki. Azkenak, Bildarratz sailburuarenak. BERRIAn apirilaren 14an eginiko galderen erdiei ihes egin die, eta beste erdiei oker erantzun. Horra adibide batzuk (sailburuaren hitzak kakotx artean):

«Ikasleen %80 baino gehiago D ereduan badago, hori da gure sistema, baina, aldi berean, gaztelaniarekin eta gutxienez beste hizkuntza batekin».

Ikasleen %60 pasatxo dago D ereduan osotara (%80 Lehen Hezkuntzan). Eta D ereduari gaztelera eta beste hizkuntza bat gehitzen bazaizkio irakats-hizkuntza gisa, ez da D eredua.

«Nik nire zalantzak ditut (D ereduarekin euskaraz aski gaitasun) lortzen den edo ez den: selektibitatean bi herenek euskara hautatzen dute azterketa egiteko, eta %99k gainditu».

Behin eta berriz auzitan jartzen du sailburuak ISEIren, Hezkuntza Saileko Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundearen lana. ISEIren ebaluazio-diagnostikoak dio DBH bukatutakoan ikasleen erdiek ez dutela euskarazko aski gaitasun. Bildarratzek bere ardurapeko erakunde baten ospea horrela lorrintzea harrigarria da zinez.

«Zer da murgiltzea edo ez murgiltzea?... D eredua murgiltze eredua bada, ia dena murgiltze eredu batean dago. Alderdi politikoen artean hain zaila izan zitekeen gaia gatazkatik baztertu da. Murgiltzea eta beste hainbat kontzeptutatik ihes egin da, sinesten delako ikastetxeen ahalduntzean, autonomian eta irteera profilean».

Bada, D ereduan daude matrikulatuta Unibertsitate aurreko ikasleen %60 pasatxo (Lanbide Heziketaren kasuan, soilik %20). Beraz, ez da egia «ia dena murgiltze ereduan» dagoela.

Bestalde, Hezkuntza legerako oinarrien itunean «murgiltzea eta beste kontzeptu batzuetatik ihes egin da» PSEk eta Podemosek hori exijitu dutelako, eta alderdi abertzaleak makurtu direlako.

Areago, oso ondo datorkie agintariei hezkuntza-ereduaren nolakoa erabakitzea ikastetxeen «autonomiaren» esku uztea, hemendik urte batzuetara, lau alderdiok adostu duten eredu eleaniztuna aplikatzearen ondorioak agerikoak egitean, eskuak garbitu eta porrotaren ardura ikastetxeei egotzi ahalko baitzaie.

Hezkuntza-itunean Euskal Herriaren aipamenik ez dagoela gogorarazi dio kazetariak sailburuari, eta galdera zuzena egin: ez zaizu beharrezkoa iruditzen? Eta horra sailburuaren erantzuna: «Ez diot garrantzirik ematen legebiltzarrak bidali digun horretan, gure legerian, eta martxan dauden curriculumetan eta liburuetan eta materialetan badagoelako».

Ez da egia, baina. Hego Euskal Herriko ikastetxe gehienetako testuliburuetan, Euskadi edo Nafarroa ikasten dira, Euskal Herriaren ordez. Eta EAEko legerian nahiz Jaurlaritzaren ekimenetan gero eta urriagoa da Euskal Herria izendapenaren erabilera, horren ordez, «euskararen lurraldeak» eufemismoaren erabilera hedatuz doa. Izan ere, EAJ-PSE koalizioa trinkotuz joan ahala. Euskal Herria kontzeptua eta izena bera, lausotuz eta desagertuz joan da.

Azken batean, akordionismoa, itxurakeria eta profil politikoen lausotzea dira politikagintza abertzalearen ezaugarririk behinenak egun. Garai nahasi hauetan, agintariek edozer esan eta egin dezakete ganorazko erantzunik jaso gabe, erantzuten lehenak izan behar luketen alderdiak, agintean daudenen ikasle aurreratu bilakatu direlarik, antza denez.

Uste dut Hezkuntza legerako oinarrien akordioa, eta ondoren etorri diren ordezkari abertzaleen adierazpenak, esandakoaren adibide garbia direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.