ZUZENDARIARI

Euskal hiztunen komunitatearen bila

Hendaia.
2015eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ez nintzen joan Urnietara asteroko eskola hartzera, baina egun osoan euskara besterik ez nuen erabili. Goizean Elizondoko udaletxean egindako bileran, derrigorrezkoa egin zitzaigun euskara erabiltzea. Bilera ostean, Fernandok eta biok, Erratzura joan aurretik, bi pote hartu genituen, eta baita loteria erosi ere. Euskaraz hasten ginen tabernari eta loteria saltzailearekin, eta haien lehen erantzuna, gaztelaniaz; guk berriro euskaraz, eta, orain bai, erantzuna euskaraz.

Garbi dago behin eta berriz horrela egin behar dugula, gure herritarrak entzungor geratu direlako. Ohartu ginen zein den gure gaitza, euskara hizkuntzarekiko gortasuna sartu zaigula eta tematu behar dugula gaixotasun hori eragozteko. Erratzun, noski, dena euskaraz, han ez baitago beste modurik. Bazkaria mundiala izan zen, bi arrautza frijitu, txistorra eta solomoa, denak urratzeko elikagaiak, medikuak debekatzen zizkigunak.

Arratsaldean, hiru lagunekin elkartzeko etxe ondoko Bakartoki tabernan geratu nintzen. Hasi ginen gor moduan mintzatzen, baina ez dakit nola, bati piztu zitzaion argia eta horrela esan zigun: euskal hiztunen komunitateaz ari gara hitz egiten eta zergatik ez dugu euskaraz egiten? Zas!!! Gure belarrietako konduktuak ireki ziren, eta euskara hasi zen jariatzen gure ahoetatik. Handik gutxira ikusi genuen gazte jende talde bat, hamabost bat, eta gu bezalako zahar batzuk ere, ari zirela sartzen eta mahai baten inguruan jarrita denak euskaraz ari zirela. Tabernariak esan zigun asteazkenero 18:30ean han biltzen direla belarriko konduktuak garbitzeko asmoarekin eta ekintza horren ondorioa azaltzeko: euskarazko mintzapraktika egiteko. Bai zorte ona gurea. Aurkitu genuen gure taldea, gure Hendaiako euskal hiztunen komunitatearen ernamuina.

Han jakin genuen, baita ere, beste Behobiako taberna batean, Xaian, hamabost egunetik behin, asteazkenetan, 20:30ean euskal kantak abesteko biltzen dela beste talde bat. Hara joan ginen, eta aurkitu genituen berrogei andere eta gizon kantuan, soinulari eta gitarrista musikari birekin. Talde horren kideak egin ginen baita ere. Eta hori omen da Iparraldean sartzen ari den giroa, zeren hurrengo kantaldian Ziburuko taldearekin bilduko baikara, Xaia tabernan bertan, eta laurogei bat izango gara.

Hemendik aurrera asteazkena egun magikoa eta alaia izango da, goizean euskarako eskola eta arratsaldean hitz eta kanta Hendaiako hiztun komunitatearekin bilduta. Ez gara egun horietan belarrimotzak izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.