Gutun hau idazten diot Euskal Herriari berriro eskerrak emateko. Has gaitezen gertaerekin. Maiatzaren 29an izan zen Conference League futbol lehiaketaren finala, Atenasen. Greziako Olympiakos, Italiako Fiorentinaren aurka. Olympiakosek irabazi zuen eta Europako lehiaketa bat irabazten duen lehenengo greziar futbol taldea bihurtu da horrela. Gure entrenatzailea? Euskaldun bat, Jose Luis Mendilibar Etxebarria.
Duela hamahiru urte, 2011n, joan nintzen lehenengoz Euskal Herrira, Donostiara, hain zuzen. Ikastera joan nintzen hara eta, zalantzarik gabe, nire bizitzan eragin handiena izan duen erabakia izan da. Donostian, euskaltegian, ezagutu nuen nire emazte bihurtuko zen neska kataluniarra. Donostian ezagutu nituen gaurdaino ditudan lagun onenak eta benetakoenak ere. Horietako bat nire ezkontzan aitabitxia izan zen.
Elorrion, Juan Jose Pujana ezagutu nuen: filoheleno sutsua, nire herria benetan maite zuen pertsona. Gaur egungo eta Antzinako Greziari buruz hitz egiten zuenean, agerikoa zen bi aberri zituela: Euskal Herria eta Grezia. Beti esaten zidan «Georgios, ni euskalduna naiz eta heladiarra». Eta egia zen. Pertsona horri esker, nire herrian dauden sustraien garrantzia hasi nintzen ulertzen eta Euskal Herria gero eta gehiago maite izan dut. Euskal Herria nik hautatutako aberria da, nire bihotzean Greziarekin bizi den aberria; nire aberri sinbolikoa.
Maiatzaren 29an, beraz, nire lehenengo aberrian, Atenasen, nire aberri sinbolikotik etorritako pertsona batek, Jose Luis Mendilibar Etxebarriak, lortu zuen bi aberriak lotzea. Hemendik aurrera, Olympiakosen garaipenari buruz hitz egitean, jendeak aipatuko du euskaldun bati esker lortu dugula arrakasta hau. Hemendik aurrera, euskaldun bat izanen da Olympiakosen legatuaren momentu garrantzitsuenaren partaide. Entrenatzaile ez ezik, Mendilibar zubi ere bada: nire bi aberriak lotzen dituen zubia.
Eskerrik asko, Euskal Herria; eskerrik asko, Mendilibar! Adeitasunez.