Dantzaldia bere onenean zegoen Titanic-en sala nagusian, dotore jantzitako bikoteak jira eta bira orkestraren musikak sorginduta. Handik gutxira Artikoko ur izoztuetan murgildu ziren denak. Ez ote berdintsua oraingo egoera? Diferentzia batekin: haiek ezin zuten jakin icebergarekin tupust egingo zutela, eta guk suma dezakegu zer etor dakigukeen gainera: gerra; nuklearra, beharbada.
Gerra hotsak Europan eta munduan. EBtik zein NATOtik ez dator beste mezurik: gastu militarra gora, Osasungintza, Hezkuntza eta abarren kontura, jakina; soldadutza berrezarri; Errusia probokatu.
Eta bitartean zein da gure politikarien erreakzioa? Norbaitek gerraren aurkako eta NATOtik irtetearen aldeko mozioren bat aurkezten badu, abstenitu edo kontra bozkatu, ordezko moziorik eskaini gabe. Inor gutxi oroitzen da gure herriak ezezko borobila eman ziola erakundeari. Manifestaziorik ez, eta hurbilekoek deitzen badute, militantzia ez animatu bertaratzera (100 lagun Bilboko manifestazioan, abenduaren 21ean). Gobernu zentralaren aurrekontu militarrak onartu, armak bidaltzen direnean isilik geratu, hedabideetan belizismoa eta errusofobia elikatu. Palestinako genozidioa salatu, baina Israelekiko harremanak ez apurtu.
Gure lagun konspiranoiko batek esan ohi du gure seme-alabak gerrara joaten ikusiko ditugula NATOren uniformeaz, nora eta zertara doazen ideiarik izan gabe. Hobe paranoia hutsa balitz.
Zerbait egin beharra daukagu.