Euskararen egoera tamalgarriak zinez kezkatzen gaituen honetan, badira zenbait ahots etorkinak jopuntuan jarri eta haren galeraren errudun gisa seinalatzen dituztenak. Kurioski, soilik Mendebaldetik kanpoko etorkinak dira jopuntuan jartzen direnak, azkenaldian areagotzen ari diren joera arrazistekin bat eginez eta, hortaz, horiek elikatuz.
Euskal Herrian, baina, immigrazio prozesuak ez dira kontu berria. Nazio zapaldua den heinean, estatu zapaltzaileek beren proiektu nazionalak martxan jarri zituztenetik, asko izan dira gurera etorritako langile espainol eta frantsesak. Merkatu estatal homogeneoa helburu, industrializazio prozesuak nazio zapaltzaileen mesedetan gauzatu ziren. Horrek erdaren gailentzea eta euskararen atzerakada ekarri zuen. Estatu zapaltzaileek, beraz, immigrazio prozesuak Euskal Herriaren nazio zapalkuntza indartzeko erabili izan dituzte.
Horren aurrean, batetik, jarrera sabindar-chauvinistak eta, bestetik, jarrera abertzale iraultzaileak garatu ziren. Lehenengoek, langile espainol eta frantsesak jopuntuan izanda, euskararen galeraren erruduntzat jotzen zituzten, etsaiaren bandoan kokatuz. Bigarrenak, ordea, sutsuki borrokatu ziren langile etorkinek euskara bere egin eta kontzientzia nazional euskalduna gara zezaten. Langile etorkinen kontrako kriminalizazioaren aurka eta borroka iraultzailean engaiatzeko baldintzak sortzearen alde jardun ziren, bando berean integraraziz. Frantziar eta espainiar estatuetako herri langileak gure etsai berengatik esplotatuak zirela ulertu zuten. Horrela, estatu zapaltzaileak eta euskal burgesia kokatu zituzten Euskal Herriaren nazio zapalkuntzaren eta euskararen galeraren errudun gisa.
Gaur egungo testuingurura ekarrita, erronkak antzekoa izaten jarraitzen du. Nazio zapaldua izatea eta Euskal Herrian espainiar eta frantziar gainegitura politiko-juridikoa indarrean egotea da gizartearen euskalduntzea eragozten duen oztopo nagusia. Horrenbestez, nazio zapalkuntza da etorkinak euskalduntzea galarazten duen elementua, ez etorkinak beraiek.
Hala ere, ez gaitezen engainatu. Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean euskal burgesia bidelagun izango dela pentsatuko bagenu, oso oker ibiliko baikinateke. Euskararen auziari aurre egiteko fronte nazional interklasista ardatz duen izaera estrategikoko aliantzen eraketa defendatzea, gure klasea traizionatzea litzateke. Euskararen auzia soilik izate folklorikora mugatu eta guztiz despolitizatu nahi duen euskal burgesiarekin ez dago bidea egiterik.
Egoera honek mugimendu iraultzaileari erronka handiak mahaigaineratzen dizkio. Nagusia, langile etorkinak euskalduntzeko, kontzientzia nazionala garatzeko eta askapen prozesuan engaiatzeko baldintzak sortzea. Hori lortzeko, euskara bizitza sozialean beharrezkoa izateko egoerara heldu beharra dago, eta hori soilik Euskal Herri independente eta sozialista baten erdiespenaren bidetik etorriko da.
Gauzak horrela, euskararen aldeko borrokaren ardatza ezin da ikuspegi etniko batetik eratorritako euskal komunitate interklasistan oinarritu. Izan ere, Euskal Herriko burgesiak ez du inoiz honen aldeko apustu zintzorik egingo, bere klase interesen kontra joatea litzatekeelako. Berreuskalduntzea soilik zapalkuntza guztiak aldi berean gainditzeko potentzialtasuna duen subjektuak lor dezake. Eta hau Euskal Herriko langileria da, bertako zein etorkin, jatorria dena delarik. Euskararen alde borrokatzea Euskal Herriko langileria bere osotasunean batzearen alde eta langile etorkinen kriminalizazioaren aurka borrokatzea da, estatu zapaltzaileen eta euskal burgesiaren aurka lerratuz, hamaika jatorritako langileez osatutako Euskal Herri euskaldun bat helburu.
Euskararen alde, Euskal Herri langilea batu!