Interes handiz heldu zaizkit Donostiako apezpiku Munillak duela gutxi Radio María delakoan botatako hitzak, non Bolognako gotzain Matteo Zuppi kritikatu duen ETAren armagabetze egunean Baionara joateagatik (bere kabuz eta Vatikanoaren ordezko izan gabe ordea, arazo belikoetan eta bakegintzan aditua izanik). Munillaren hitzek ezinegona sortu omen dute EAJ alderdian, armagabetze egunean ere egon ez zena, baina, prentsak azpimarratu duenez, aitzina sintonia aparta izan ei zuena euskal gotzainekin —Iruñeko eta Baionako apezpikuak «euskal» etiketan sartu ezean, bederen—.
Ez da nire intentzioa sintonia horren musikaren kalitatea lerro hauetan neurtzea, ez eta baloratzea ere zein izan den euskal gotzainek (Iruñekoa eta Baionakoa barne) euskal gatazkarekin izandako inplikazioa. Bai, ordea, ekartzea Elizaren portaeraren inguruko premisa bat, zeinean egoki den, eta zuzen, kleroa afera politikoetan ez sartzea, fidelei utzita fede-dogmetatik kanpo dauden kontuetan euren iritzi propioa izan dezaten.
Egia da euskal gizartearen parte majo batek eskertuko zukeela euskal gotzainak Baionan ikustea —bertoko eta Iruñekoarekin batera—, baina ez beste batek, ezein Munillak Nafarroako hiriburutik jaso omen zuen deia Radio Marían, fidel batek bere ezinegona kontatzen ziola Zuppi Lapurdin egona zela eta ez zela; orduan esan zuen gotzainak bere iritzia, eta ez aurretik edo ondoren. Beraz, argigarria da hobe zutela armagabetze egunean ez bertaratzea.
Gainera, Hego Euskal Herriko gotzainek gutun pastorala idatzi zuten Baionako ekitaldiaren aurretik, argi utziz ETAren biluzteaz gain beharrezkoa zuela horrek betirako disolbatzea, urgentzia handiagoz edo txikiagoz demokrata guztiek ere uste dutena.
Fidel bakoitzak eraiki dezala beraz bere dorrea, eta norberak baloratu Munillaren iritziak balio dion edo ez, iritziak iritziak baitira, eta inoiz ez baitituzte praktika onak zikindu behar, ez politikagintzan, ez erlijiogintzan.
ZUZENDARIARI
Euskal gotzainak, gatazkatik gaindi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu