ZUZENDARIARI

Euskal estatutu berri bat, zertarako?

Azkoitia
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Urte politikoari hasiera eman zion Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran, Iñigo Urkullu lehendakariak defendatu du legegintzaldi honetan Eusko Ganberak «adostasun sendoa» bilatu beharko duela, Euskadiren eta Espainiaren arteko harremana eguneratuko duen estatutu berri bat adosteko.

Lehendakari izendatu baino hilabete batzuk lehenago, 2012ko aurrekanpainan, «2015. urterako» estatus politiko berri bat onartzeko konpromisoa hartu zuen Iñigo Urkulluk. Urte hartan, estatus berriari buruzko kontsulta egitea ere agindu zuen, baina gaur egun oraindik ez dira ez bata ez bestea bete. 2016ko hauteskunde autonomikoetan, erabakitzeko eskubidea jasotzen zuen estatutu bat hitzeman zuen. Autogobernuaren Ponentzian EH Bilduk eta EAJk akordio historiko bat lortu zuten, Estatuarekin berdinen arteko harremana aintzat hartuz, kontsultak edo erreferendumak egiteko aukera ere barne zelarik. Badirudi, ordea, orain zuzendu egiten dela, aldarrikapen batzuk baztertuz eta kidez aldatuz (orain PSOE eta Podemos).

Kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren artikulu jakin batzuek autonomia erkidegoetako parlamentuek onartutako estatutuak errefusatzeko aukera jasotzen dutela, uler daiteke EAJren jarrera aldaketa. Horren adibide ditugu Espainiako Gorteek emandako ezezko borobila Ibarretxek aurkeztutako estatutuari, eta baita ere Kataluniako estatutua Konstituzio Auzitegiak ilegaltzat hartu izana.

Baina, orduan, esperientzia horiek aldez aurretik ezagututa, zer helbururekin iritsi ziren EH Bildurekin egindako lehen akordio horretara? Eta, orain, zer aurrerapauso lortu nahi dituzte kide berriekin?

Nahiz eta akordioak lortu PSOErekin eta Podemosekin Euskadi mailan, litekeena da estatutu berrian sar daitezken hobekuntzak pribilegio bezala ulertzea gainerako autonomia erkidegoek, eta ondorioz ez onartzea. Zergatik onartuko zituzten, bada? Euskaldunen eskubide historikoagatik? Espainian, nori axola zaizkio eskubide horiek?

Lehen, mehatxu bat zegoen euskaldunen aldarrikapenetan amore ematera bultzatzen zituena, baina orain mehatxu hori ez dagoela, zergatik izango dira hain eskuzabalak? Gobernua ahul dagoelako eta berari laguntzeagatik? Noiz arte? Eta estatus hobea lortzeko aukera gutxi badaude, zertara dator hainbesteko zalaparta?

Eta beste galdera bat gehiago: subiranotasun maila handiagoa lortu nahi dutenek, egunen batean lortuko al dute? Galdetu katalanei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.