Gernika-Lumo

Euskal eskola

Itxaro Uriarte Erdaide
2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta zuzendari nagusiak BERRIAn idatzitako iritzi artikulua txalotu nahi dut. Sarri izan naiz argumentu berak emateko idazteko prestu, baina (egia aitortu behar dut, neure lotsarako) hasi orduko, nekeak jota atzez egin dut.

Eskola publikoaren alde ematen diren arrazoien kontra ez nuke ezer argudiatuko, bi zertxorengatik ez balitz.

Baga: publiko izaerari euskal adjektiboa eransten diotelako publikoaren alde dihardutenek, Euskal Eskola Publikoa defendatzen omen baitute. Gaur-gaurkoz hori ez da existitzen. Eskola publikoak hiru eredu ditu Euskal Herrian: frantsesa, nafarra eta EAEkoa. Euskal eskola dei daitekeen eskola bakarra Ikastola da.

Hain zuzen ere, 1993an Buesak ateratako Euskal Eskola Publikoaren legeak ezartzen zuen atxikitzeari ikastola gehienek (ekonomikoki itota ez zeudenek, bederen) ezetza ematearen arrazoi bakar eta nagusia izan zen Euskal Herrirako eskola eredu bakarra ez izatea. Are gehiago, EAEn A eta B ereduren hautaketa bera gurasoen esku uztea. Biasterin, esaterako, eskola publikoak izan al zuen D eredurik? Euskal eskola publikoa!?

Biga: publikoa doakoa eta herri izaera duena da. Ikastolak frogatua du sorreran eta bilakaeran herriarena eta herriarentzat dela. Doakoa da hezkuntza EAEko ikastoletan, Eusko Jaurlaritzarekin dagoen kontzertuari esker (Nagorek oso argi azaldu duena, %70ekoa). Eta Nafarroan? Eta Iparraldean? Nola eutsi dakieke kontzertatuta ez dauden euskal eskolei, hots, ikastolei? Jaiak, tabernak, zozketak, aportazioak... Auzolanean eskarmentua dauka Ikastolak. Euskal Herria bat denerako utzi beharko genuke eskola publikoa/ Euskal Herriarena/ ikastola eztabaida. Eta, bitartean, indarrak batu Euskal Herria estatua izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.