ZUZENDARIARI

Euskadi vs Euskal Herria

Zarautz.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur (2018/06/13) BERRIAn herri ordezkari bati eginiko elkarrizketan hiru bider aipatzen du Euskadi. Hiruretan erkidegoaz ari da bera. Espainieraz ari direnean ere politikari eta kazetariek País Vasco ere Erkidegoa adierazteko erabiltzen dute.

Erkidegoko legebiltzarrean estatutu berriaren testua lantzen ari direnean, zoritxarrez originala espainieraz idatziko dena, komeniko da terminoak ondo bereiziz hastea.

Espainia estatu federal bat bihurtu nahi dutela esaten dutenek ere, País Vasco federazio horren zati izango omen da. Galdera litzateke, Euskal Herriaz ari al dira?

Euskal Herria, berdin zait nola hartua izan daitekeen, dela lurralde historikoa, dela ente kultural, dela proiektu politiko, dela amets identitario... gisa, azalerari dagokionez, zazpi lurraldez osatutako eremuaz ari gara.

Eremu poliedriko horri Euskal Herria deitzen diogu, eta Espainia edo Frantziako jakobinoenek ere oso ondo dakite bereizten, hala nola ez País Vasco edo Pays Basque zer den.

Nire iritzirako, bada, euskaldunok, alegia, euskaraz hitz egiten dugun euskal herritarrok, eremu horri buruz ari garenean Euskal Herria hitza erabili beharko genuke, eta EAE edo Euskal Autonomia Erkidegoa edo Euskal Erkidegoa, edo Erkidegoa hiru lurraldez osaturiko eremu administratiboaz ari garenean, bi eremuetarako Euskadi baztertuz, bestela lehenik izena kenduko digute, eta gero izaera.

Euskal politikariek zehaztasunak eskatu beharko lekizkieke erdaraz ari direnei País Vasco, los vascos, eta antzeko hitzak darabiltzanean, eta batez ere euskal ordezkariek beraiek ondo bereizi beharko lituzkete, bai euskaraz, bai espainieraz ari direnean, dena nahasten baitute.

Lehendik Euskadirekin datozkigun izendapen, abesti eta erakundeen izenak nola aldatu, aldatu behar badira, denboraren esku utzi beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.