Ez gaude hauteskunde-kanpainan, baina hala dirudi. Etxebizitza bat eskuratzeko zailtasuna demagogia eta aitzakia bihurtu da proiektu jasanezinak planifikatzeko, adreiluaren lobbyaren interesei soilik erantzuten dietenak.
Alderdiak lasterketa zoro batean dabiltza, denbora gutxiagoan etxebizitza merkeagoak eraikitzeko gai nor den erakusteko. Hala aurre egin nahi diete etxebizitzaren prezioari eta herritarrek etxebizitza lortzeko duten ezintasunari buruzko datu larriei. Baina batzuek iragartzen dutenak eta besteek agintzen dutenak ez du arazoa konponduko, arazoa oso urrutitik datorrelako: alderdi politiko horiek hirigintza eta etxebizitzaren kudeaketan izan duten arduran egin duten utzikeriatik.
Donostian, nahi duguna da benetako etxebizitza politika bat, eta ez politika egitea etxebizitzaren arazoa etengabeko kanpaina bihurtuz. Hiriari legez izan beharko lukeen alokairuko eta babestutako etxebizitza parkea emateko hirigintza tresna nagusiarekin, Plan Orokorrarekin, zer egingo duzuen jakin nahi dugu. Hirian 92.000 etxebizitza libre eta 3.800 babestu daude. Honen arrazoiak diagnostikatu, ondorioak aztertu eta merkatua birbideratzeko neurriak proposatu behar dira.
Garbi bego konponbidea ezin dela utzi plan orokorraren esku, hamar urte barru arte ez baita aktibo egongo, eta, ordurako, espazio naturalak zaintzeko beharra hain nabarmena izango da, Auditz-Akular bezalako eragiketak paper bustia izango baitira.
Hirigintza egitea, hiria egitea, une honetan, ondo kudeatzea da, hobeto kudeatzea, ez eraikitzea edozein baldintzatan. Horrek higiezinen sektoreari bakarrik egiten dio mesede.