ZUZENDARIARI

Etxebizitza Legea: irtenbidea edo hauteskunde-kea?

Iker Narbona Beitia.
2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Bihar Etxebizitza Legea onartuko dute Espainiako Kongresuan, duela bi aste EH Bildu eta ERC alderdiek EspainiakoGobernuarekin hitzartutako akordioa aurkeztu ostean. «Etxebizitza duina legez bermatuko duen» neurri-multzo gisa saldu digute, baina, lerroburu handien atzean, letra txikiak pista gehiago eman diezazkiguke. Ikus dezagun:

1. Alokairua %3 gehiago igotzea ez da prezioak jaistea. Izan ere, lege honekin azken hamar urteetan alokairuaren prezioan izan diren %50 inguruko igoerak finkatuko dira, eta ondorengo urteetako igoerei mugak jarri, baina ez da inolaz ere prezioa jaitsiko.

2. Etxegabetze batzuk atzeratzea ez da horiek amaitzea. Era honetako neurriak aspaldidanik daude indarrean, eta horien eraginkortasun falta begi bistakoa da: milaka etxegabetze gauzatzen dira urtero. Oraingo testuaren erredakzioarekin, kasurik hoberenean ere, zenbait etxegabetze prozesu denboran gehiago luzatuko dira, baina etxegabetzeek jarraituko dute.

3. Legearen beste hainbat hutsune eta errentatzaileentzako aurreikusten dituen onurak ere aipa litezke, baina, laburbilduz: azaleko neurri hauek hauteskunde garaiko propaganda elektoral gisa baino ezin ditugu ulertu, eta etxebizitzaren arazoari irtenbide bat mahaigaineratzetik oso urrun daude.

Alderdi parlamentarioek eskaintzen digutena kea eta borroka sozialen instrumentalizazioa dira. Horren aurrean, gure aukera bakarra instituzioen eraginpetik kanpo antolatzea da. Fartsa elektoral honi ezetz esan, eta errentatzaileen irabaziak bermatzen dituen legeari alokairu prezioen jaitsiera eta etxegabetze guztiak amaitzearen aldarriak kontrajartzea. Honengatik mobilizatuko gara gaur Bilbon, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistetako Etxebizitza Sindikatuek deitu dugun elkarretaratzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.