Kazeta honetan Josu Iraeta nafar idazleak Nire herrian euskara alargun izenarekin kaleratutako artikulua irakurtzean konturatu nintzen halako tristezia zetorkidala gainera, batez ere, iruditzen zitzaidalako berak ere antzeko sentipen nostalgikoa zeukala euskararen egoera dela eta.
Oso ulergarria dela begitantzen zait, baina, aldi berean, aipatu behar dut, gauza guztiekin gertatzen den antzera, euskarak etorkizunik izango duela baldin eta guk lan egiten badugu hori lortzeko zailtasun gehixeago edo gutxiagorekin; ahaztu gabe, orain arte iraun badu herri nahiak eta borondateak horrelako emaitza eman duelako dela.
Euskarari dagokionez garai guztiak desberdinak direla jakitun izanik ere, guri egokitu zaigunak eskatuko digu etengabeko lana, eta, ziur asko, inoiz pentsatu ez dugun ahalegin eskerga. Eta hori gutxi balitz bezala, guk daukagun hoberena jarri beharko dugu behin baino gehiagotan.
Haatik, nire talaiatik ikusten dudana da herri honek orain arte erakutsi duela izugarrizko kemena berea den guztia defendatzeko. Egia da, era berean, prezio oso lazgarria ordaindu behar izan duela. Nolanahi ere, kasu honetan ez du balio profeta izatera jolastea, eta, horregatik, dudan eskarmentuaren arabera, orain arte iraun duenak etorkizun baikorra izan dezakeela deritzot, herritar gehienek hala erabakitzen badute, eta denok eman dezakegun ekarpen oro oso baliogarria da .
Zuzendariari
Etorkizunarekin etorriko zaiguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu